«Topean nabil azkenaldian, eta azkenean iritsi dira 8b-ko blokeak»
Eskalatzailea
Gure ingurumarian gutxi dira bi hilabeteren buruan blokeko bi 8b lortzen dituztenak. Horietako bat Markel Mendieta dugu. Pasa den abenduan, arrasatearrak «La Proue» blokea (Cresciano) egin zuen; hil honetan, berriz, «Otsoen txakurrak» (Urkiola aldean). Argi geratzen da Mendieta sasoiko baino sasoikoago dagoela.
Andoni ARABAOLAZA |
Markel Mendieta Arrasateko «blokero» indartsua dugu. Indartsuaz gain, nahikoa elementua. Eta horri esker, ondo baino hobeto erakutsi du blokean benetako espezialista dela. Beste batzuk ez bezala, arrasatearra ez da sokaz ahazten.
Oso fin zabiltza, Markel! Baiezta dezakegu zure bolada onenean zaudela?
Baietz uste dut. Zazpi hilabete topean nabil. Sokarekin hasi nintzen, gero blokera pasa, lesiorik ez dut izan... Buru-belarri nabil blokean; inoiz ez naiz hain indartsu egon. Bi 8b sinatu ditut, 8a batzuk oso saio gutxitan...
8b horiekin zure gradu gorenera heldu zara.
Hala da. Lehenbizikoa Crescianon (Suitza) sinatu nuen. Fred Nicolek zabaldutako «La Proue» blokea da. Abenduan egin nuen. Soilik lau mugimenduko blokea da. Oso hanka txar bat dauka. Garbitzen baduzu, ez duzu ikusten; ukimenaz baliatu behar, ukitu egin behar da. Intentsua da. Hanka jartzen baduzu, geratzen zara. Gero bi erregeleta txiki ditu, laguntza bat ezkerrarekin, helduleku kamuts bat eta ateratzen zara. Blokea erreka baten gainean dago, eta, irteera erraza bada ere, garaiera du, eta beldurra pasa nuen! Oso saio gutxitan atera nuen. Probatzen hasi, eta dena aldrebes egiten nuen. Gero, aztertu ondoren ere, azken mugimenduan erortzen nintzen. Bi egunera berriz itzuli nintzen eta orduan ere, txarto. Atseden hartu, Chironico eta beste eremu batera joan... eta, azkenean lasaitu, eta egin nuen.
Bigarrena Urkiola inguruan lortu dut: «Otsoen txakurrak». Hil honetan. Berez, nik egindako proposamena da. Duela 10 urte zabaldutakoa da, laburra eta hau ere oso intentsua.
Jakina, zailtasun horretara heltzeko, lan eskerga egin behar izan duzu.
Hala da, bai. 8a eta 8a+ asko poltsikoratu behar izan ditut. Hori bai, onartu behar dut Suitzako gradua hemengoa baino merkeagoa dela; bederen, Crescianokoa. Hango eremu batzuetan 8a eta 8a+ mailak askoz errazagoak dira. Agian, hori baieztatzeko han izan nuen «subidoia» hartu behar kontuan.
Horrela, bada, 8b zailtasuna nahiko gertu zeneukan lehendik ere, ezta?
Gradu hori aspalditik neukan buruan. Larraonan (Nafarroa), adibidez, «Berezi» blokean (8b/+) gertu ibili naiz; azken pausoan erortzen naiz. Suitzakoa arantza bat kentzea bezalakoa izan da. Baltzolan ere beste 8b batean azken unean erortzen naiz.
Zeri ematen diozu garrantzi gehiago: 8b bat saio askotan lortzea ala 8a asko oso ekinaldi gutxitan?
Bulder bat egiten duzunean, ez zara haren zailtasunaz jabetzen. Probatzen duzunean, askotan, iruditzen zaizu ezinezkoa dela; hots, ez duzula inoiz egingo. Gero, pixkaka-pixkaka jabetzen zara jokoaz, eta ateratzen da. Zeure buruari oso erraz egin duzula esaten diozu. Neuri, gainera, bloke batzuk nahiko bitxiak suertatzen zaizkit, gero. «Berezi»n, adibidez, zatirik errazena ez zait ateratzen. Egunen batean egiten badut, pozez lehertuko naiz.
Horietako 8b bat Suitzan egin duzu eta bestea etxean. Garrantzia bera ematen al diezu?
«La Proue» sinatu nuenean, oso garrantzi handia eman nion, besteak beste, blokeatu samar nenbilelako. Suitzako hori ez da berdina. Hara joan, eta, jakin badakizu bidaia ez duzula alferrik galdu behar. Hatzak arrakalatuta nituen, eta, hala ere, helburua erdietsi nuen. Oihuka hasi nintzen; bazirudien pilotako final bat irabazi nuela! Horretaz gain, lagunak alboan izan nituen. Haiek beste sektore batera jo nahi zuten, baina, nire motibazioaz ohartu zirenean, nire helburuan laguntzeko prest egon ziren. «Otsoen txakurrak», berriz, etxean dago, eta aukera gehiago duzu beste planifikazio bat egiteko.
Zuk lortutako emaitza horiek kirol eskaladara eramango bagenitu, ziur naiz askoz ere oihartzun handiagoa izango luketela. Non dago akatsa? Hedabideon errua al da?
Gai horretatik aldenduta ibili naiz beti. Gainera, ordenagailu kontuetan ez naiz batera abila. Eskuarki, hedabideei ez diet nire jardueren berri ematen. Jakina, azkenaldian egindakoak garrantzi handia dauka, baina onartu behar dut ere bai, hemen, Euskal Herrian, jende indartsua badela. Hori bai, 8b zailtasuna egin dugunok oso gutxi gara.
Euskal Herrian eta Estatu espainolean zehar bakan batzuek baino ez dute 8b+ poltsikoratu. Pentsatzekoa da zailtasun horrek tira egingo dizula, ezta? Urruti ikusten al duzu?
Orain, Urkiola aldean, proiektu gogor bat daukat. Eremu hartan ibiltzen direnek esaten didate ziur 8b dela. Eta, egia esaten badizut, nahiko eskura daukat. Oso gogorra da, besteak beste, sarrerako pausoak leher eginda uzten zaituelako. Horrez gain, arestian esan dudan bezala, Larraonako «Berezi» eta «Moorning Glory» ere nahiko gertu ikusten ditut.
Zure bi 8b horiez aparte, beste blokerik nabarmendu nahi al zenuke?
Asko eta asko dira bete nautenak. Baina, zalantzarik gabe, Fontainebleauko (Estatu frantsesa) blokeak azpimarratu nahi nituzke. Berdin dio zer zailtasuna duten; argi dudana da oso onak direla. Han 7a graduko bat egitea nahiko zaila da. Bueno, hobeto azalduko dut. Indar hutsezkoak badira, nahiko erraz ateratzen dira, baina teknikoak direnean... Uf, a zelako buruhausteak!
Blokeari buruz luze hitz egiten ari gara, baina Markel Mendieta kirol eskaladako bideetan ere ikusi dugu. Eskalatzailea ala blokeroa. Nola aurkezten duzu zeure burua?
Ni eskalatzailea naiz. Batak zein besteak berdin betetzen naute. Bistaz eskalatzeak asko erakartzen nau, baina bideak behin eta berriz probatzea ez hainbeste. Bide bat kateatzen dudanean pozten naiz, baina, batez ere, sentitzen dut zama bat gainetik kendu dudala. Hori gertatzen zait udan, Araotzen eskalatzen dudanean. 8b+ zailtasunera iritsi naiz, baina horrek egundoko lana ematen du.
Blokero bezala, honela definituko zaitut: potentzia-indar handiko espezialista. Batzuetan teknika indarrarekin ordezkatzen duena. Oker al nabil?
Dena ematen dudanean, teknikoa naiz. Agian, orpo tekniko batzuekin ez naiz ondo moldatzen, baina gero eta malguagoa naiz. Lehiaketetan, berriz, baliteke irudi hori ematea.
Bide motzak eta indar handia eskatzen dutenak. Horiek al dira zure gustukoenak?
Denetatik gustatzen zait. Luzeak ere egiten ditut, 15 mugimendutakoak eta gehiago. Katalunian izan berri naiz eta 7c+ graduko bloke gogorretan erori baina disfrutatu dut. Mugimendu onak badituzte, orduan, ez dut inolako arazorik. Hori bai, 5 edo 12 pauso egin baino, nahiago dut bizpahirutan egitekoak. Garrantzi handia ematen diot keinuari. Behin hori asimilatuta, normalean ateratzen dira blokeak.
Hemengo eremuei dagokienez, niretzat onena Larraona da. Atzerrikoetan, berriz, zalantzarik gabe, Fontainebleau aukeratuko nuke.
Zorionak!