Sakelakoa erloju gisa ala musika aparatu gisa, zer nahiago?
Bereizmen handiko bideoak grabatu eta ikusteko balio duen lehen eskuko telefonoa, erabiltzaileari abestietan bere ahotsa gehitzeko aukera ematen diona edota erloju gisa eskumuturrean eraman daitekeena. Hitz egiteko eta mezuak bidaltzeko abiarazitako teknologiak ez du mugarik.
GARA | DONOSTIA
Badirudi eskuko telefonoen erakusleihoa amaigabea dela; azken asteetan punta-puntako aurrerapen teknologikoak barne dituzten hamaika modelo aurkeztu dira eta aurrez espero zitekeenaz bestela, gutxi barru errealitate bilakatuko dira.
Ukimen-pantailadunak dira gaur egun merkaturatzen ari diren aparatu gehienak. Hala, LG enpresak LG Arena modeloa aurkeztu berri du. Pantaila nagusia iPhone-aren antzekoa du, hainbat aplikazioetarako sarbidea eskaintzen duten irudiak baititu. Interesgarriena, halere, 3D sistemadun karratua da; erabiltzaileari behatzekin pantailan mugitzea errazten diona.
Enpresa berak, LG Watch Phone aurkeztu berri du, telefonia zelularreko terminala den erlojua. Ez du teklaturik eta mezu bat bidaltzeko edo dei egiteko gurpil baten antzeko sistemaz baliatzen da. LGk erlojua publikoki aurkeztu bazuen ere, merkaturatze datarik ez zuen eman.
Toshiba ere ez da atzean geratu eta TG01 modeloa atera du. Pantaila handia du, 4.1 hazbetekoa. Halere, horren berrikuntza nagusia Qualcomm Snapdragon prozesadorea da, 1GHz-ko abiadura hartzen duena.
Samsung etxeak, bestalde, bereizmen handiz irudiak grabatzeko eta ikusteko lehen sakelakoa merkaturatu du batetik, eta bestetik, musikari norberak nahi duen aldaketak egiteko aukera eskaintzen duena. Biak ukimen-pantailadunak dira.
Beste guztiek ez bezala, Nokiak ez du oraindik garbi ikusten teklatua ezabatzeko hautua eta merkaturatu berri duen Nokia N97an bi aukerak ezarri dituzte. 16:9 formatuko pantaila du, nabigatzeko erraztasuna ematen duena.
Fabrikatzaileek oraindik zehaztu ez badute ere, punta-puntako aparatu horien guztien salneurria 500 eta 700 euro artekoa da. Orain arte zabaldutakoaren arabera, Samsung Omnia HDk ia 700 euro balioko ditu, Nokia N97k, berriz, 550 euro.