GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Superliga

Penalti batek erabaki behar izan du Zubietako euskal derbia

Gipuzkoarrek eta nafarrek neurketa orekatua eskaini zuten. Larraitz Lucasek lortu zuen partidako gola.

p041_f02.jpg

REAL SOCIEDAD 1

LAGUNAK 0

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Realak irabazi zuen atzo Zubietako derbia, eta Kopa jokatzeko itxaropen handiekin jarraitzen dute gipuzkoarrek. Nafarrei, berriz, lehenengo zortzien artera sartzea zaila egingo zaie, eta beheko postuei begira jarraitu beharko dute, nahiz eta, atzo galduta ere, tarterik baduten.

Norgehiagoka ez zen izan handia, baina derbietan zaila izaten da joko ikusgarria ikustea. Lehen zatia itxurosoa izan zen, baina bigarrenean ezer gutxi ikusi ahal izan zen.

Partida bizi-bizi hasi zen, eta lehen minutuetan aukerak ere izan ziren. Zelaiak izan zuen zuri-urdinen lehenengoa, baina haren jaurtiketa kanpora joan zen. Nafarren erreakzioa ere berehalakoa izan zen, eta Susik aukera paregabea izan zuen markagailua estreinatzeko, baina Lopezek atepetik atera zuen jaurtiketa.

Partidako gol bakarra 21. minutuan heldu zen. Encinas area barruan sartu, eta Rakelek lurrera bota zuen. Epaileak penaltia agindu zuen, eta Lucasek ez zuen barkatu. Hortik eta atsedenera bitarte, etxekoak nagusi izan ziren, eta berriro ere Zelaiak izan zuen bigarrena egiteko aukera, baina buruz burukoan Maria Goñi atezainak baloia kendu zion.

Bigaren zatian horiak berdinketaren bila atera ziren, eta bigarren minutuan Susik aukera izan zuen, baina Galdonak aldendu zuen baloia atepetik. Hortik aurrera, norgehiagoka nahastu egin zen, eta aukerak gutxi izan ziren. Realak bat izan zuen baina Zelaiaren jaurtiketa Goñik gelditu zuen. Agian garbiena, Susik partidaren hondarrean izan zuena, baina nafarraren jaurtiketa ederki gelditu zuen Eli Sarasolak, eta puntuak etxean geratu ziren, ez baitzegoen beste ezertarako tarterik.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo