GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Martxoaren 1eko hauteskundeak

«Benetako» aldaketa politikoaren alde bozkatzeko eskatu du ezker abertzaleak

p005_f02_148x110.jpg

Manex ALTUNA | BARAKALDO

Datorren igandean ilegalizazioen kontra eta irtenbide politikoaren alde «urrezko» bozekin erantzuteko deia egin zuen atzo ezker abertzaleak. Barakaldon burututako ekitaldian Anjel Alkaldek aldarrikatu zuenez, ezker abertzalerik gabe, ezinezkoa izango da Euskal Herrian «benetako» aldaketa politiko eta soziala.

Haren esanetan, Ibarretxe eta Patxi Lopez gaur egungo eredu politiko eta sozialaren jarraipenak baino ez dira. EAJko hautagaiari Madrilera begiratzeagatik «iruzur» egin izana aurpegiratu zion, eta, arlo sozialean leporatu zion, enpresari eta banketxeak defendatzea, langile eta sindikatuak, aldiz, mespretxatuz.

Era berean, EAJren eta PSOEren politikek bat egiten dutela, eta hauteskundeen ondoren ere bat egingo dutela adierazi zuen, eta beraien helburua agorturik dagoen marko autonomikoa berritzea baino ez dela, Euskal Herriaren eskubide nazionalak aitortu gabe.

Estrategia horren aurrean, indarrak metatzeko deia egin zuen Alkaldek, Euskal Herriak bere etorkizuna «libre eta demokratikoki» erabakitzeko.

Horrez gain, nabarmendu zuen hautagai-zerrenden ilegalizazioarekin agerian geratu dela Estatu espainolaren izaera «antidemokratikoa», baita «joko arauak» Madrilek ezartzen dituela ere. Ildo horretatik, «kolonizazio politikoaren» aurrean gainontzeko alderdiek erakutsi duen jarrerak «duintasun falta» eta «hipokrisia» erakusten dutela argitu zuen. Beste alderdiren batzuk legez kanporatuak izango balira, ezker abertzaleak ez lukeela hauteskundeetan parte hartuko gaineratu zuen.

Debekuen gainetik

Ekitaldia hasi aurretik hainbat ertzain agertu ziren Santa Teresa plazan eta Euskal Herriko mapa irribarretsua agertzen duen logotipoa erakustea debekatuta zegoela adierazi zuten. Ikurrina batekin estali behar izan zituzten ikurrak eta Polizia autonomikoak defendatzen omen duten herria «ezkutatzera» behartu zituela salatu zuten.

Usurbilen, berriz, normaltasun osoz egin zuten ekitaldia, eta 120 pertsonak parte hartu zuen. Bermeon ere 120 pertsona batu ziren Lameran, «urrezko boto»aren balioa aldarrikatuz.

ERTZAINTZA

Euskal Herriko mapa irribarretsua agertzen duen ikurra estaltzera behartu zuen Polizia autonomikoak ekitaldia hasi aurretik, horren gainean ere debekua dagoela argudiatuz. Antolatzaileek, ikurrina jarri zuten orduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo