GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Lehiaketa

Larretxea eta Atutxa txapelei eusteko gai izan dira

Txapeldunek finaleko sei ekinaldietatik bostetan lortu zuten garaipena, baina aldeak oso txikiak izan ziren, eta norgehiagoka bikaina ikusi ahal izan zen.

p043_f01.jpg

Jon LEUNDA | AZPEITIA

Larretxea eta Atutxa II.a ziren Urrezko Aizkorako txapeldunak, eta txapelek leku berean jarraituko dute, atzo mendean hartu baitzituzten Azurmendi eta Arrospide. Azken egunetan zaleek faboritotzat jo zituzten gipuzkoarrak, baina nafarrak eta bizkaitarrak proba bat ez beste guztiak irabazi zituzten, eta amaieran minutu erdi bat pasako aldea lortu zuten.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztuz abiatu zen finala, eta txapeldunek 32 kolpetan erdibitu zuten enborra, eta zortziren aldea lortu zuten. Ondoren 60 ontzako enborra zutik txanda librean moztu behar zuten, eta berriro ere txapeldunek lortu zuten garaipena, 2.10eko denbora eginda, eta segundo bat kendu zioten bikote gipuzkoarrari.

Hirugarren lanean, bi kana-erdiko erlojuz kontra moztu behar zituzten, bikote bakoitzeko kide bakoitzak bana, eta berriz ere Donato eta Aitzol izan ziren garaile. 1.32 izan zen beraien denbora eta 1.34 aurkariena.

Laugarren lanean 45 ontzako bat zutik, eta beste bat etzanda moztu behar izan zituzten, eta hortxe heldu zen Arrospideren eta Azurmendiren garaipen bakarra. 2 minutu eta 12 segundo behar izan zituzten lanak burutzeko, eta segundo batez gutxitu zuten aldea.

Azkenaurreko ekinaldian, bi 60 ontzako moztu behar zituzten eta hor abantaila erabakigarria lortu zuten Larretxeak eta Atutxak. 5 minutu eta 13 segundotan bota zituzten bi enborrak nafarrak eta bizkaitarrak, eta bederatzi segundotako aldea lortu zuten.

Abantailarekin heldu ziren azkeneko lanera, txanda librekora, Larretxea eta Atutxa, baina lan erdietarako berdintzea lortu zuten Arrospidek eta Azurmendik, baina azkeneko enbor horretan behera egin zuten, eta txapeldunek irabazi zuten azkeneko ekinaldia ere. Bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitzeko, 12 minutu eta 52 segundo behar izan zituzten, eta Arriarangoak eta Leaburukoak, aldiz, 13 minutu eta 7 segundotan amaitu zituzten lanok.

Lan guztiak burutzeko, Larretxeak eta Atutxak 24 minutu eta 32 segundo behar izan zituen, eta bikote gipuzkoarrak, berriz, 25 minutu eta 6 segundo behar izan zituen.

Finalean aritu ziren bi bikoak lehiaketa honetako bi onenak izan dira, finalera saio bakar bat ere galdu gabe heldu dira, eta atzo garbi utzi zuten txapelketako onenak izan direla. Norgehiagoka oso ona eskaini zuten, txapeldunek proba bat ez beste guztiak irabazi zituzten, baina tarteak oso txikiak izan ziren. Emoziorik ere ez zen falta izan, txanda libreko saio luzean ere irauli egin baitzuten gipuzkoarrek, baina gero behera egin zuten, eta amaieran txapelek lehengo lekuetan jarraitu ahal izango dute.

Gazteak ere bikain

Helduen mailako finalaz gain, gazte mailakoa ere jokatu zen, eta norgehiagoka bikaina ikusi ostean, Saralegik eta Olanok lortu zuten garaipena. Iaz ere finalean izan ziren, eta orduan irabazi ez bazuten ere, bigarren aukera ez dute alferrik galdu, eta txapela jantzi zuten, nahiz eta tartea oso txikia izan zen.

Leitzako bikoak, 17 minutu eta 6 segundo behar izan zituen lan guztiak burutu ahal izateko, eta Kañamares III.ak eta Erasunek, berriz, 17 minutu eta 20 segundo. Laurek ere maila oso ona eman zuten, eta zaleek gustura amaitu zuten lau gazte hauekin, etorkizuna ere nahiko oparoa ikusten baitzaie, beti ere bide honetatik jarraituta.

Josu Aizpuru nuarbetarrak apusturako deia egin dio Joseba Otaegiri

Josu Aizpuru nuarbetarrak apusturako deia egin dio Joseba Otaegiri, eta datorren ostiralean Azpeitiko Mendizabal jatetxean egongo da 19.00etatik aurrera.

Aizpuruk 8 kana-erdiko eta lau oinbikotara jokatuko luke zizurkildarraren aurka, eta apustuak aurrera eginez gero, hiru hilabete barru jokatzea nahiko luke. Diru kontuak eta gainerakoa ostiralean zehaztuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo