GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ekonomia krisia nagusi Tolosako inauterietan

Eguneroko arazoak ahaztu eta ondo pasatzeko pentsatutako jaiak badira ere, egungo ekonomia krisia izan zen atzo Tolosako protagonista. Gai hori bera hartuta, Tolosa finantza zentro bihurtu zuten «Apatta Street» karrozako kideek. GARA beraiekin egon zen inauteri aurreko asteetan, eta atzo bertan ere bai, prestaketa lanak gertuagotik ezagutu eta emaitza ikusteko.

p020_f02_96314.jpg

Janire ARRONDO |

Batzuk gaua ondo bukatzeko eta beste batzuk agian eguna ondo hasteko, pijama jantzi eta goizeko zortzietako urteroko dianan jende andana bildu zen atzo Tolosan. Herriko txistulari bandaz lagundurik ohiturazko ibilbidea egin zuten inauterietako Zortzikoaren doinuaren erritmora herritar ugarik.

Dianaren ondoren, gutxi ziren kalean geratzen zirenak, baina, ez zuen luze iraun horrek. Goizeko 10.00etan han-hemenka lehenbiziko txaranga doinuak entzuten hasi ziren, eta karroza bat edo beste ere ikus zitekeen jada. Beren eliza karroza bihurturik, monjaz mozorroturiko gazte taldea goizean goizetik zebilen kalean. Hala ere, errezorako tarte gutxi hartu zuten atzokoan.

Hamaikak inguruan, berriz, kalean zebiltzan jada konpartsa eta karroza gehienak. Aurten gainera, herriko erdiguneko kaleetan egiten ari diren lanak direla-eta, ohiko ibilbidea aldatu egin behar izan zuten. Hori ez zen, ordea, festa behar bezala ospatzeko oztopoa izan.

Egun handia zen atzokoa Tolosan, bertako konpartsek beren karrozak eta mozorroak kalera ateratzeko lehen eguna; hain zuzen ere, Zaldunita Eguna. Azkenean, eguraldiak goiza goxatu ez bazuen ere, horrek jendea izutu ez eta Tolosako kaleak jendez lepo bete ziren.

Irudimena soberan

Tolosako kaleak irudimenez gainezka egon ziren atzo. Suterik izan balitz ere, han zegoen prest suhiltzaile koadrila, eta festa ezin hobeto girotzeko, berriz, AC-DC taldekoak gogor astindu zituzten beren gitarrak.

Baziren, halaber, itsasoak zeharkatuz, Brasildik zein Hawaii ingurutik dantza gozoz inguratu zirenak ere.

Bestalde, bizkarrean zeramatzaten dunba hotsen erritmora zebilen zanpantzar talde bat, eta gerran baleude bezala hortzetaraino armaz josita zihoan militar talde bat ere bazebilen Tolosako kaleetan.

Mexiko aldetik, berriz, «Abiadura Txikiko Trenean» etorri zen koadrila bat. Rantxerak dantzatuz eta abestuz ederki ibili ziren Tolosako inauterietan.

Auto-garbiketarako zerbitzua eskaintzen zuenik ere izan zen atzo Tolosan. Hala ere, autoak baino, parean suertatzen zenak pasa behar izaten zuen garbiketa tuneletik; hori bai, aurrez belarriak estalita, badaezpada ere, urik sar ez zedin.

Taldean ez ezik, bakarka ere jende asko animatu zen inauterietan mozorroak soinean jarri eta kalera irtetera. Dagoeneko tradizio bihurtu den gisan, San Frantzisko elizaren atarian, hantxe zegoen Tolosako arotza hiltamu erraldoi batean. Handik, lagunak eta senideak herrian zehar kalejira batera eta hilaren 25erako sagardotegian otordu batera gonbidatu zituen.

Goiz osoan zehar bere paperari fin eutsi zion, bestalde, torero izan nahi zuen gazteak. Leidor aretoaren atean orduak eman zituen, atzean «Ama: torero izan nahi dut» zioen kartela zuela. Behintzat, itxura eta estiloa ez zitzaion falta.

Inauterietako krisia

Dudarik gabe krisiaren inauteriak dira aurtengoak. Dagoeneko mozorro jaiak ospatuak dituzten herriak bezala, Tolosa ere horren adibide garbia izan zen atzokoan. Egunerokotasunetik ihes egiteko jaiak badira ere, pil-pilean dauden gizarteko arazoak presente egoten dira inauterietan. Hala ere, atzo arazoak umorez hartzen saiatu ziren tolosarrak.

Belengo estalpea bera Tolosaraino ekarri eta bertan ziren Jose eta Maria lan eske, astoa eta idia salgai jarrita. Herriko beste txoko batean, berriz, bankariak zeuden laguntza eske, ez zirela-eta hilabete amaierara iristen.

Garrantzitsuena ondo pasatzea

Krisiaren gaiari bete-betean eutsi zioten «Apatta Street» karrozako kideek. New Yorkeko Wall Street bailitzan, Tolosako Apatta industrialdea bihurtu zuten burtsa gune, «Apatta Street» alegia. Egungo ekonomia gaitzat hartuta, «Apatta Street» diru mugimendu handiko gune bezala aurkezten zuen parodia bikaina egin zuten konpartsa honetako kideek. Hala ere, karrozan zeramaten grafiko handiak adierazten zuen gisan, okerrena espero zitekeen.

Traje eta gorbataz dotore jantzitako burtsako langileak «gainontzeko herritar guztiak bezala» joaten omen dira egunero lanera. Inguruan, hala ere, bazen diruz betetako maletatxoa soinean zeramanik; 6.000 euroko billeteak ere ageri ziren han. Ekonomia sustatzeko burtsan inbertitzea beharrezkoa omen dela-eta, berehala beren laneko uniformea, alegia, hori koloreko txalekoa jantzi, eta inbertitzaileen deiak jasotzen hasten ziren. Tartean, lan ugari egin zuen Sacarinok ere, burtsako langile guztien aginduak betetzen. Ingurura hurbiltzen zirenei burtsan inbertsioak egiteko behin eta berriz erregutu arren, azkenean porrot egin zuen atzo Tolosako finantza zentroak.

Asteak zeramatzaten konpartsa honetako kideek inauterietarako prestatzen. Inauteriak iritsi aurreko astean, GARAk «Apatta Street» karrozaren prestaketa lanen jarraipena egin zuen.

«Inauteriak barru-barrutik bizi ditugu», azaldu zuen David Agirre konpartsako kideetako batek. Urte asko daramatzate inauterietan mozorrotu eta kalera irteten, eta aitortu zigunez, «ezingo nuke mozorrotu eta festan parte hartu gabeko inauteririk irudikatu ere».

Tolosako Ferialekuan jende ugari elkartzen da inauterietarako karrozak prestatzera. Han guztiek ikusten dute besteen lana, baina, «beti gordetzen dugu sekretutxoren bat», aitortu zuen Agirrek. Bakoitzak bere egitekoak izan ditu, «bakoitzak ahal duen neurrian, denok egiten dugu lanen bat».

Lan handia hartzen dute inauterietarako karroza prestatzen. Hala ere, «inoiz, guztia prestatua izan arren, irteteko egunaren bezperan aldatu izan dugu mozorroa», aitortu zigun konpartsako kideak. «Garrantzitsuena ondo pasatzea da, eta bide batez jendeari ondo pasaraztea». Argituko ez dugun arren, dagoeneko datorren urterako ideiaren bat ere badutela aitortu zigun Agirrek.

Nolanahi ere, oraindik «Apatta Street»eko burtsa langileek asteartean kalera irten beharko dute. Burtsako langileek zioten bezala: «colorin colorado este antzerki ha terminado».

giro bikaina

Goizeko hamaikak inguruan konpartsa eta karroza gehienak Tolosako kaleetan ziren. Ohiko ibilbidea aldatu bazen ere, festa giro bikainean ibili ziren konpartsak, hara eta hona.

auto garbitzaileak

Inori autoa garbitzea ahaztu bazitzaion, bazen Tolosan horretarako ere aukera eskaintzen zuenik. Hala ere, garbiketa tunel hartatik autoek baino, inguruko jendeak igaro behar izaten zuen.

ferialekua

Konpartsa ugaritako kideak aritzen dira Ferialekuan beren karrozak prestatzen inauteriak baino aste batzuk lehenagotik. Elkarren mozorroak ezagutzen badituzte ere, beti gordetzen dute zerbait azken unerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo