Hainbat farmaziak GIBaren test azkarrak egingo dituzte probak errazteko, anonimatua gordeta
Albiste pozgarria da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hogei botikak GIBaren test azkarrak egingo dituztela jakitea. Izan ere, proba egin behar duenak askoz errazago egin ahal izango du eta, bestetik, erabateko anonimatua gordetzea ere kontuan izateko moduko abantaila da, oraindik neurri batean «hies» hitza tabua den gizartean. Hiru herrialde horietan GIBa duten 10.000 lagunetatik, Lakuako Osasun Sailaren arabera, 2.000 inguruk ez daki birusa duela.
Osakidetzaren eta Euskadiko Farmazialarien Elkargoaren ekimena aitzindaria da Europan. Nolanahi ere, esan beharra dago orain arte horrelako probak hiesaren kontra lanean diharduten elkarteek egiten zituztela, arrakasta nabarmena lortuz.
Horrelako neurriek berarekin zerikusirik ez dutela uste duenik ere izango da; hala ere, ezjakintasunak, informazio faltak eta pentsaera tradizionalistak estigmatizaturiko gaitz hori ez da «arrisku taldeen» kontua soilik. Eta gizarte osoak barneratzea komeni da, gizarte osoarengan eragina duen gaixotasuna da-eta. Horrenbestez, gizarte osoari dagokio hari aurre egitea, izen hori merezi baldin badu, behinik behin.