Edurne Larrañaga eta Ibai Redondo Euskal Herriak Bere Eskola
Lau urte sistema espainola inposatzen
Hezkuntzaren alde apustu egiten dutela esaten dute, arlo honetan egiten duten inbertsioa azpimarratuz. Baina Nazio Batuen Erakundeak aurrekontuen %6 hezkuntzan inbertitzea proposatzen badu ere, Eusko Jaurlaritza ez da %4ra iristen
Legegintzaldiaren amaierara iritsi gara EAEn eta politikariak hurrengo lau urteetan egingo dituzten mirakuluen truke botoak eskatzen ari dira. Burujabetzaz eta bikaintasunaz hitz egiten dute Hezkuntza Saileko buru izan direnek ere. Baina nork agindu du azken lau urteetan Hezkuntza Sailean? Eusko Alkartasunaren esku omen zegoen Saila politika orokorreko joan-etorrien biktima izan da, abertzaletasunaren gainetik hezkuntza sistema espainiarra iraunaraztea bultzatzen dutenei men eginez eta herri mugimenduari bizkar emanez.
Eskolak Euskaldundu. 107.768 herritarrek Euskal Herri osoko ikasleak euskalduntzeko eskaria Hezkuntzako arduradunen bulegoetara eraman genituen, baita Tontxu Camposengana ere. Ikasleen euskalduntzea ziurtatuko zuen lege berria aterako zutela hitza emana zuen. Non dago legea? Ez dago! 26 urtean ehunka mila ikasle erdaldun elebakar izatera kondenatu eta gero, hurrengo urteotan berdin-berdin jarraituko dugu. Jaurlaritzaren porrot estrategikoa agerikoa da.
Euskal Curriculuma. Hezkuntza komunitatearen gehiengoa Euskal Curriculumerantz pausoak ematen aritu da azken urteotan. Azkenean, badugu Euskal Curriculuma, nahiz eta erronka berri baten aurrean gauden: aplikazioa. Eta zer egin du Eusko Jaurlaritzak? Beste curriculum bat atera, Espainiako legea zintzo betetzen duena. Zorionak, euskal ikasleak Konstituzio espainolaren baloreetan hezteko Zapateroren Gobernuari jarri diozuen alfonbra gorriagatik.
Unibertsitatea. Herri ekimenaren eskutik, Euskal Unibertsitatea (euskalduna, nazionala eta herritar-demokratikoa) eraikitzeko urratsak ezagutu ditugu azken urteotan. Baina, nola dago UPV? Orain 25 urtekoaren fotokopia dirudi: euskalduntze plan berriek zaharren helburu berak dituzte, bete ez diren seinale; parte-hartze eta gogoetarako gune izan beharrean inposaketa eta kontrolerako gunea da UPV; publikotasunetik multinazionalen menpeko unibertsitate izateko bidean, Bolognaren aplikazioan pauso berriak eman dituzte, Jaurlaritzaren laguntza osoarekin.
Ederki aritu dira azken lau urteotan Hezkuntza Saileko arduradunak hezkuntzatik Euskal Herria eraikitzeko egin behar ez dena zer den erakusten. EHBErentzat gai nagusiak hauek izan badira ere, badira beste hainbat: Lanbide Heziketak erdaldun izaten jarraitzen du; Haur Eskola euskaldun eta hezitzaileak behar ditugu, herri proiektu baten mesedetan jardungo dutenak eta ez Jaurlaritzak bultzaturiko Haurreskola Partzuergoak, non herriaren ordez merkatuaren zerbitzura jarri duten gure haurren heziketa; migratzaileak noraezean aurkitzen dira gure herrira iristean eta Jaurlaritzak A ereduko ikastetxeetara bidaltzen ditu hauetako asko; heziketa hezkidetzailea jasotzeko urratsak urriak izan dira eta EAEko Gobernua da ikastetxe ez mistoei diru laguntzak ematen dizkieten bakanetakoa Estatu espainiarrean.
Amaitzeko, publikotasun kontzeptuaren gainean berpiztu den eztabaidaz mintzatu nahi dugu. Eusko Jaurlaritzak «Euskal Hezkuntza Publikoa»ren alde egiten omen du apustu. Baina zeren araberako hezkuntza publikoa bultzatzen du? Gure ustez, hezkuntza publikoak Euskal Herriaren araberako sistema izan behar du, non eskubide eta betebehar zehatzak betetzen dituzten ikastetxe guztiek lekua izango duten eta euren arteko aukera zein berdintasun printzipioa nagusituko den, autonomia oinarri izanda. Baina zeren arabera banatzen da diru publikoa? Euskalduntzen ez duten ikastetxe ugari dago EAEn, legea betetzen ez duten ikastetxe ugarik jasotzen dute gure zergetatik datorren dirua. Ez da zilegi! Gure ustez, Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Nazionala behar du, zeinaren arabera, «Euskal Hezkuntza Sistema Zerbitzu Publikoa» eraikiko dugun. Bitarte horretan, administrazio eremu ezberdinetatik aurrerapausoak eman daitezke. EAEren kasuan, Hezkuntza Sistema arautuko duen hezkuntza lege berria behar da, zeinak publikotasun eredu berri honen arabera antolatuko duen hezkuntza sistema.
Etengabe hezkuntzaren alde apustu egiten dutela esaten dute, arlo honetan egiten duten inbertsioa azpimarratuz. Baina Nazio Batuen Erakundeak aurrekontuen %6 hezkuntzan inbertitzea proposatzen badu ere, Eusko Jaurlaritza ez da %4ra iristen. Ziurtasunez diogu beste legegintzaldi bat galdu dutela EAEko Hezkuntza Saila gestionatu dutenek Hezkuntza Sistema Nazionaleranzko pausoak emateko.
Gaur egunerokoan herritarrei entzungor eginez hauteskunde kanpainan lehian dabiltzan alderdiei dei publikoa egin nahi diegu: Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean zer egingo duzue? Nazkatuta gaude asmoez, gobernu-programez eta ondorio praktikorik gabeko politikez. Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Nazionala behar du.