Baionako Batz hondakin zentroaren inguruan, adostasunera iristeko garaia
Martxoaren 31 arte Bil ta Garbik adostasun publikoa bilatuko du Batz-eko hondakinak tratatzeko zentroaren inguruan. Egitasmoaren kontra agertu dira hainbat alderdi. NPAk gardentasun falta salatu du.
Idoia ERASO |
Hondakinen tratamendua kudeatzen duen Bil ta Garbi sindikatuak, Baionako Herriko Etxearekin batera, hiriaren ipar partean eginen den hondakinak tratatzeko Batz zentroaren inguruan adostasunera iristeko garaia dela adierazi du. Egitasmo honetan interesa duten guztiei iritzia eman dezaten dei egin diete erakundeek.
2006ko erabaki publikoan hondakinak balioztatzeko zentroaren aldeko hautua egin zen eta laster zabalduko da lehiaketa. Ekinaldi garrantzitsu hori baino lehen Bil ta Garbi sindikatuak iritzi desberdinak entzuteko eta adostasuna lortzeko garaiari hasiera eman dio.
Bi egitura ezberdin hartuko lituzke Batzeko zentroak. Hautaketa sekzio bat, ondoren birziklatzea posible egiteko. Hondakinen aurretik tratatzeko eremu bat ere izanen litzateke, birzikla daitezkeen hondakinak eta organikoak banatzeko. Administraziorako eta jendea informatzeko eraikuntzek ere izango lukete kokagunerik Baionako zentro horretan.
Hurrengo asteetan ateak irekiko dizkiote jendeari, bai Bil ta Garbik Baionako Kontseilu Orokorraren egoitzan duen bulegoak, baita Jouardin etorbidean dagoen hiriko etxeak.
Egitasmoaren kontra sortu den ADECH elkarteak ere eztabaida teknikoa lantzeko hitzordu bat finkatu du biharko hiriko Paul Bru aretoan, arratsaldeko sei eta erditan.
NPA eta Alderdi Sozialista
Alderdi Antikapitalista Berriak (NPA) bestelako alternatibak posible direla adierazi du. Zentroa Hiri Elkargoaren inguruan ezartzea edota zentro edo unitate txikiak kokagune ezberdinetan ezartzea. Azken aukera horrek biztanleak sentsibilizatzea ahalbidetuko lukeela ere nabarmendu zuten talde antikapitalistako kideek.
Baionako Herriko Etxearen kontra ere mintzatu da NPA; «Jean Grenetek eta udal gobernuaren gehiengoak Bil ta Garbiri Batzeko tokia proposatu diote biztanleekiko mespretxu handia erakutsiz. Beste behin ere, ez dago egitasmo honen garapenari buruzko gardentasunik». NPAk bihar bilkura informatiboa antolatu duen elkartearen haserrea ulertzen duela adierazi du publikoki.
Alderdi Sozialistak ere joan den astean egitasmoaren kontra dagoela eman zuen aditzera. «Eztabaida eskasia» salatu zuen Christophe Martin kontseilari orokor sozialistak.