GARA > Idatzia > > Mundua

AZF enpresan izan zen eztanda gogora ekarri dute Toulousen epaiketa hastearekin batera

AZF enpresa kimikoan izandako eztandak 30 hildako, 10.000tik gora zauritu eta kalte handiak eragin zituen 2001eko irailean Toulousen. Atzo, zuzendari ohiaren eta Total taldearen aurkako epaiketa hasi zen. Kanpoan, 250 lagun inguruk manifestazioa egin zuten.

GARA |

AZF enpresa kimikoan izandako leherketak 30 hildako, 10.500 zauritu -horietatik 2.500 larriak- eta kalte material handiak eragin zituen. Izugarrizko ezustekoa hartu zuten Toulouseko biztanleek 2001eko irailaren 21ean, Irailaren 11-ko atentatuak izan eta hamar egunetara, hain zuzen. 10.17ak ziren ko 300 amonitrato tonak eztanda egin zutenean. 10 metroko sakonera eta 50 metroko diametroa zuen zuloa utzi zuen. Hiriaren hego-ekialdeko azpiegitura ugari txikitu zituen eta inguruko 30.000 etxebizitzetan kalteak eragin zituen, baita erdiguneko etxe askotan ere, nahiz eta AZF bost kilometrora egon. Leherketak ate, leiho eta sabai ugari puskatu zituen. Orotara, 2.000 milioi euroko kalteak eragin zituen.

«Kalean nengoen. Bat-batean, belarritik odoletan hasi nintzen. Larrialdietara joan nintzen segituan. Hilabete batzuk behar izan nituen sendatzeko, baina soinuek oraindik ere min egiten didate», adierazi zuen Michel Lasserrek, 50 urteko gizonezkoak. «Adierazpenek agerian uzten dute huts egiteak egon zirela. Total enpresak neurriak hartu izan balitu, ez zen istripua gertatuko», plazaratu zuen Gerard Ratierrek, hildakoen senideen elkarteko presidenteak.

Hirigunea hustu egin zuten segurtasun neurri gisa. Hiritarren artean izua areagotu zen, are gehiago, AEBetako atentatuak gertatu ondoren. Leherketa istripua izan zela ondorioztatu zuten ikertzaileek. Txostenak, dena den, irregulartasunak izan zirela zioen, baita nitratoen benetako arriskuaren gaineko ezagutza eza ere.

Atzo, enpresaren zuzendari ohi Serge Biechlinen eta Gran Paroisse elkartearen -Total petrolio taldearen menpekoa- kontrako epaiketa hasi zuten Toulousen. 1.800 deklarazio aurkeztuko dira. Auziak lau bat hilabete iraungo du.

larriena

II. Mundu Gerratik ez zen halako leherketarik izan Estatu frantsesean. AZF-n jazotakoa ordura arteko hondamendi larriena izan zen, eztandaren indarra eta kalteak kontuan izanda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo