GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sokatira

Abadiño eta Badaiotz, berriro ere nagusi

p046_f02_88636.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Abadiñok eta Badaiotzek lortu dituzte Euskal Herriko Goma gaineko txapelak, 600 eta 500 kilotan, mutiletan eta nesketan alegia. Saioa hasi aurretik ere gauzak nahiko garbi zeuden, eta Euskal Herriko bi talde onenek ez diete gainerakoei inongo aukerarik eman.

Mutilen 600 kilotan bigarren eta azken jardunaldia jokatu zen, eta ez zen ezusterik izan. Lehenengoan, Abadiñok irabazi zuen, eta garbi geratu da bigarrengoan ere besteen gainetik daudela, saioko tiraldi guztiak aise irabazi baitzituzten, horrekin txapela ziurtatuz.

Lehia bigarren postua eskuratzeko izan zen. Berriozarrek lortu zuen larunbatean bigarren postua, txapeldunekin galdu eta gainerakoei irabazita. Amaiur, geratu zen hirugarren, estreinako biekin galdu eta Sokarri eta Ñapurrak taldeei irabazita. Dena dela, Amaiur bigarren izan zen lehen jardunaldian, eta Berriozar hirugarren. Azkeneko ekinaldian sailkapenean alderantziz geratu zirenez, sailkapen nagusian berdinduta geratu ziren. Hori dela-eta, kitarakoa jokatu behar izan zuten, amaierako bigarren postua erabakitzeko, eta hor Berriozarrek lortu zuen garaipena, eta baita bigarren postua ere.

Azkeneko jardunaldi honetan, azkeneko postuan berdinduta geratu ziren Ñapurrak eta Sokarri. Beste talde guztiekin tiraldi guztiak galdu zituzten, eta beraien artean berdinduta geratu ziren, tiraldi bana irabazita.

Sailkapen nagusia honela geratu zen. Txapeldun Abadiño 10 punturekin; bigarren Berriozar 7rekin; hirugarren Amaiur 7rekin; laugarren Sokarri 3,5ekin eta azkena, berriz, Ñapurrak 2,5ekin.

Bi talde

Nesketan lehendik ere talde gutxi ari dira lehian, eta asteburu honetan gutxiago aritu dira, Giriziak ezin izan baitu parte hartu. Beraz, Badaiotz eta Beti Gazte bakarrik lehiatu dira. Hasterako ia dena erabakita zegoen, eta ekinaldian ere ez zen ezustekorik izan.

Badaiotzek jokatutako tiraldi guztiak irabazi zizkion Beti Gazteri, eta amaieran lehendik ia poltsikoan zuen txapela ziurtatu zuen. Sailkapen nagusian Beti Gazte geratu da bigarren.

Beraz, nesken 500 kiloko lehiaketa ere amaitu da, eta honela geratu da sailkapen nagusia: lehenengo Badaiotz 8 punturekin; bigarren Beti Gazte 5ekin, eta azkena, berriz, Girizia 2rekin.

Lehendik inork zalantzarik baldin bazuen, garbi geratu da Abadiño mutiletan, eta Badaiotz nesketan, gainerako taldeen gainetik daudela, koska bat gorago bai, behinik behin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo