GARA > Idatzia > > Kultura

Poesia eta argazkiak, hiriaren eta gizakiaren erretratuak lantzeko

«Va le monde» du izena Marilyn Bousquet argazkilariaren irudiak oinarri dituen erakusketak. Horien lagungarri, Luzien Etxezaharreta poetak testu batzuk idatzi ditu. Baionako Gurutze Sainduko liburutegian izanen dira ikusgai martxoaren 15era arte.

p050_f01_149x100.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Hitza argazkiari lotzea ariketa polita da. Irudi batek 1.000 hitzek baino gehiago balio duela esan ohi da. Eta hitz gutxi batzuk ezartzea mila hitz horiei irudi berri bat sortzeko ariketa polita zela iruditu zait», azaldu zuen Luzien Etxezaharreta poetak eta «Maiatz» aldizkariaren zuzendariak. Argazkilariak, bestalde, Etxezaharretaren kolaborazioa egokia izan dela nabarmendu zuen: «Bere begirada literarioa zuzena da eta jadanik hor zegoen argazkien zentzua osatzen du bere hitzekin».

Osotasuna du eta aldi berean bi artek bat egiten dute Baionako erakustaldian. Hamaika argazki daude ikusleen begiradaren zain, eta bakoitzak testu txiki bat du ondoan. Hiru gai aurkezten dira beste hainbeste sailetan: bizitza, Lavigerie kardinala eta Beiratea. «Hiru gai ezberdin lotzen baititu interesatu ninduen egitasmoak, irudipena pizteko gauzak dituena eta gainera Baionako koloreak dituena», nabarmendu zuen Etxezaharretak.

Lehen sailean hiru argazkik erakusten dute «figura bera, gorputzaren uztea eta itxaropena» Bousqueten arabera, eta «argiaren bizitza eta gorputza», poetaren aburuz.

Bigarrenak, Lavigerie kardinalak Baiona erdialdean duen estatuaren hiru ikuspegi eskaintzen ditu; «hiriaren gaineko ikuspegia» eskaintzen duela nabarmendu zuen argazkilariak, eta idazleak «bidaia eta, azken batean, Lavigerieren inguruko irizpide batzuk dira, Afrikara bidaiak».

Beirateak «kristalaren bitarteko bidaia eskaintzen du, ontzi fantastikoa balitz bezala», jakinarazi zuen Etxezaharretak. «Hiri handien gaineko begirada eskaintzen du eraikin handi batzuen irudiei Parisko beirateak gehituta, apur bat surrealista da», esan zuen Bousquetek.

Hiru ekitaldi berezi

Gaur arratsaldeko bost eta erditan bi artistek erakusketaren bisita gidatua eskainiko dute Gurutze Sainduko liburutegian, Gaskoien plazan. Hurrengo asteazkenean martxoaren 4an poesia eta musika jardunaldiak izanen dira Ethiopiques de Mars jaialdiaren barnean eta erakusketarekin bat eginik. Beñat Achiary, Sophie Martineau, Rachid Sghaier, Haydar Iscen eta Fabie Nogueren musikaz gozatzeko aukera izanen da bertan. «Va le monde» oinarri hartuta, idazkera poetikoa eta alegiazko pentsamoldearen garapena jorratu ahal izanen da Luzien Etxezaharreta eta Marilyn Bousqueten laguntzarekin, martxoaren 3an eta 5ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo