Martxoaren 1eko hauteskundeak
Familientzako dirulaguntzak bikoiztuko dituela agindu du Ibarretxek
GARA | BILBO
Asteburu osoan zehar inkestak eta hauteskunde osteko itunak hizpide izan ondoren, proposamen berriak aurkezteko eguna izan zen atzokoa. Alderdi bakoitzak krisi ekonomikoari aurre egiteko promesak egin zituen eta EAJ-k egin zuen adierazgarrienetako bat. Azken hamar urteetako lehendakari Juan Jose Ibarretxek, hurrengo legegintzaldian familientzako diru laguntzak bikoiztu egingo dituela hitz eman zuen.
Irunen egindako ekitaldian, Joseba Egibar izan zuen lagun EAJko hautagaiak, eta bere alderdiaren proiektuaren «bihotza» pertsonak direla esan zuen. Bere hitzetan, krisi ekonomikoak «sufriarazi egingo du, baina berriro ere pertsonei begiratzeko aukera emango du, eta ezin dira albo batera utzi behartsuenak».
Legebiltzarrean emakumeen kontrako indarkeriaren aurka egiteko lege proposamen berri bat aurkeztuko duela adierazi zuen Ibarretxek, bai eta soldatetan berdintasuna lortzeko gizarte akordio bat ere.
Arratsaldean, berriz, Gasteizen egin zuen ekitaldia EAJk eta Lehendakaritzarako hautagaiak hurrengo lau urteetan 936 milioi euro inbertituko dituela agindu zuen EAEko hiriburuan.
PSOE
PSEren kudeaketa nabarmendu du Prietok enpresarien aurrean
Confebask, Caja Vital eta Arabako hainbat enpresariren aurrean, PSOEk erakunde ezberdinak kudeatzen duen esperientzia defendatu zuen Txarli Prietok. Bere alderdiak Gobernu espainiarrean edo Jose Antonio Ardanza lehendakari zen garaian Lakuako Gobernuan burututako lana ekarri zuen gogora PSEko Arabako zerrendaburuak. Prietok bere alderdiaren jarduera krisi ekonomikoari aurre egiteko elkarrizketa sozialean eta adostasunean oinarrituko dela esan zuen eta, neurri berean, erakundeen egonkortasuna bultzatuko dutela.
Ildo horretatik, enpresariek PSE eta PNVren arteko akordio batera heltzeko dauden aukeren inguruan galdegin zioten, Ardanza lehendakari eta Buesa lehendakariorde izandako garaiak gogora ekarriz. Prietok ostera, alderdian Lakuako Gobernua PSEko ordezkari batek zuzenduko duela pentsatzen dutela erantzun zuen eta argudio gisa «Ibarretxek politika abertzaleak aurrera eramateko zikloa bukatu dela» eman zuen.
PP
Basagoiti, Gallardonen eskutik, beste behin ere
EAEko PPk gizartearen aurrean Madrilgo alkate Alberto Ruiz Gallardonen irudiarekin identifikatu nahi du itxura denez. Izan ere, hirugarren aldiz parte hartu zuen atzo Gasteizen aurtengo hauteskunde kanpainako ekitaldi batean Gallardonek. Lazkaon egin behar zuten ekitaldia PPkoek, baina ETAren atentatuaren ondoren Oiartzunera joatea erabaki zuten, ezker abertzaleak agintzen duela argudiatuta. Bertan, Basagoitik «Espainiako alde honetan demokrazia gehiago egon dadin» PPren alde bozkatzeko eskatu zuen.
EA
Euskal presoen dispertsioa amai dadin eskatu du Ziarretak
Langraizen presondegi berria eraikitzeko lanak hasi dituzten lur eremuetara hurbildu zen Unai Ziarreta eta bertatik, euskal preso politikoen dispertsioa bertan behera utz dezan eskatu zion Gobernu espainiarrari.
EAko hautagaiak presoen eskubideen urraketa «agerikoa» dela esan zuen eta «injustizia» dela beren senideentzat. Ziarretak espetxe politikak zehazteko eskuduntzak Lakuako Gobernuari eman diezazkion ere eskatu zion PSOEren Gobernuari eta aldi berean, Euskal Herrian makrokartzelak eraikitzeko dituen proiektuak bertan behera uzteko exijitu zuen.
EB
Enpleguaren alde mobilizatzeko unea iritsi dela dio Madrazok
Ezker Batuko koordinatzaile nagusi Javier Madrazok «Lanaren aldeko manifestua» aurkeztu zuen Gasteizen eta krisi ekonomikoaren kontra mobilizatzeko unea iritsi dela esan zuen. Madrazoren iritziz, «ezker sindikala eta ezker politikoa adostasun batera iritsi beharko lirateke» eta mahai gainean jarri «greba orokorraren eztabaida». PSErentzat ere hitz gogorrak izan zituen, eta boza ematen dietenei «iruzur» egingo diela esan zuen enpresari eta bankuen aurrean men egingo duelako. Ildo horretan, Zapateroren Gobernuari, PSOEri eta EAJri enpresari eta banketxeen eskaerak ez onartzeko eskatu zien.
ARALAR
Etxebizitzarena izango da lehen lege proposamena
Iratzarri gazte erakundeko ordezkariekin batera burututako ekitaldian, Aralarren Gipuzkoako zerrendaburu Aintzane Ezenarrok hitz eman zuen etxebizitza eskubidearen aldeko legea izango dela Gasteizko Parlamentuan aurkeztuko duten lehen lege proposamena. Aralarrek errentan jartzeko 40.000 etxebizitza eraikitzea eta hutsik daudenei kanonak jartzea proposatzen duela azaldu zuen. Era berean, gazteei etxebizitza eskubidearen alde borrokatzeko esan zien eta Aralar dela Legebiltzarrean hori defendatuko duen alderdi politikoa.