Joseba Butron Irakaslea
Ezusteko paraleloak
Fisikak unibertsoaren sorrera eta harrez geroztikoa azaltzeko «hari muturtxo bat» baino geratzen ez zenean, unibertso paraleloen teoriak Fisika berrikusi beharra ekarri zuen. Joseba Butronek unibertso politiko paraleloen teoriaren araberako ikuspegia eskaintzen du artikulu honetan. Batzuen arabera, lehendakaria nor izango den eta aulkiak nola banatuko diren baino ez da argitu behar. Eta unibertso paraleloak, ezker abertzaleak, bestearekin interakzioan, argi du etorkizuna askatasunean bizitzeko eskubidea dagoela jokoan.
Gabriel Arestik idatzi zuen «Denbora pasatua eta denbora futuroa akaso daude biak konteniturik denbora presentean». Gure poeta handiak ez zuen helburu zientifikorik, ezpada orduko garbizaleei erakustea molde «hori» ere erabil zitekeela. Baina -gauzak zer diren- berriki fisikariek egin duten aurkikuntzarekin bat egiten du gogoeta horrek. Ezustean.
Laurogeita hamarreko hamarkadan, Stephen Hawking ikerlariak iragarri zuen Fisikak laster erdietsiko zuela garapen osoa, alegia, arazo nagusiak argiturik, xehetasunak baino ez zirela geratuko azaltzeko. Bestela esanda, zientziaren arlo hori helmugara iristear zegoela. Hari muturtxo bat -singularitatea- baino ez omen zitzaien geratzen unibertsoaren sorrera eta ondorengo guztia logika matematikoz azaltzeko. Ordea, hari muturtxoari tiraka hasi eta, artilezko jertse bat bailitzan, dena desegin zaie esku artean. Orain, Darwinen teoriaren urteurrenean, Fisika ere dena berrikusi beharrean da, unibertso paraleloen teoria aurkitu baitute. Koherentzia matematiko osoa duen horrek laster astinduko omen du gure ikuspegia, eta dena birplanteatu beharko da. Hori ustekabea!
Martxoaren 1ean, gauean, ez zaizkizu Arestiri buruz arituko, ezta unibertso paraleloei buruz seguru asko, baina batek baino gehiagok ezusteko galanta hartuko du. Hemen, berriz ere, dena egindakotzat ematen dute; gutxi geratzen zaie argitzeko: zehazki zelan banatuko diren poltronatxoak eta, ondorioz, nor izango den lehendakaria. Bitartean, biba zirkua, gainerakoak huskeriak baitira betiko demokrata horientzat, eta korifeo lanak egiten dizkietenentzat. Hala ere, batzuek hor dabilzkizu haritxoari tiraka eta, zientzialari tematien moduan, kapaz dituzu teoria egina, ia guztiz ondua dutena, hankaz gora botatzeko. Egia esan, iraultzen ari gara orain ere, boza emateko erabakia hartu dugularik. Labur esateko: PSOEko eta PPko demokrata indezente horiek garaipena oihukatzeko irrikaz daude, EAEn lehen aldiz indar espainolistak -hots, konstituzionalistak- nagusi direla esateko. Esan esango dute, baina Historiarako geratuko da iruzurraren kategoria: botoen parte handi bat zenbatu gabe lortua.
Bai, ez baita gauza bera biztanleen zati bat baztertuta utzi dutela aldarrikatzea edo, datu zehatzekin, ehunka milaren botoak ez dituztela zenbatu egiaztatzea. Guztiz bestelakoa da. Lehenengo kasua, bazterketarena -esango dizute-, eztabaidagarria da, edonori botoa emateko aukera baitzenuten; bigarren kasuan, aldiz, ez dago zalantzarik: emandako botoak, boto zehatzak, ez dira aintzat hartu. Tongo garbia, «putxerazoa». Eta argudio garden horrek ez du bakarrik balio bazter utzi gaituztenontzat, galduko duten taldekoek ere pozik egon beharko lukete, argudio bide hori eurei ere oparitu diegu-eta. Baina ez. Horientzat beti izango gara errudunak, denaren errudun, egiten dugunaren eta egiten ez dugunaren errudun. Horretan ezusterik ez.
Eta, bitartean, Ibarretxe bere azken antzezpena egiten ari da. Ibarretxe beti izan da lehendakari ezker abertzalearen botoekin, Hirukoaren botoak nahikoa ez-eta; Estatutu Berriaren Legea ere abertzaleen botoekin atera ahal izan zuen, baita Kontsulta Legea ere. Baina ekimen horiek guztiak, beste asko legez, ezker abertzalea zapuzteko eta ahultzeko erabili ditu. Inperialen aurrean plantak egin bai, bere jarraitzaileen aurrean itxurazko tinkotasuna bai, baina «Altzak ez du bihotzik, ez gaztanberak hezurrik...». Iaz eman zion amaiera engainuzko ibilbideari, argazki eta kantu batzuekin. Urte mordoxka horretan ibili ondoren, antzezpenak ez du gehiagorako ematen, betiko moduan helburua hauteskundeak «berotzea» baitzen. Eta orain, bere azken ekitaldian, estiloari eutsiz, jarraitzaileei sinetsarazi nahi die bera lehendakari izatea dagoela jokoan, otsoa etorriko dela bestela. Baina berak badaki ez dela lehendakari izango -baliteke gonaduna izatea, ustekabean-. PNVk, garaipena lortuta ere, badaki bera ez dela izango lehendakari, eta laster joango da, aurten ziur asko. Ezusteko latza bere fededunentzat.
Kanpainako azken aste honetan, gure nazionalistatxoek beldurraren mezua zabalduko dute irrati-telebistetan eta egunkarietan. Alferrik, ordea. Merezimendu osoz lortu dute euskaldun askoren mesfidantza. 2001eko 604.000 boto haiek oso urrun dituzte. 2005ekoetan, ezker abertzalea legez kanporatuta, 800.000 boto agian bilduko zituztela aipatu zuen Egibarrek, itsututa. Bai zera. Orduz geroztik, galera etengabea eta geldiezina izan dute. Zortzi urteren bueltan, botoa mailegatu zuten nazionalista eta abertzale askok erabakita dute kreditua amaitu dela, ez dagoela mailegu gehiago. Nahikoa dela fartsa. Erkorekak txerri hegalarien konparazioa aipatu du. Dabilela kontuz, ezustearen ezusteaz alditxartu ez dadin.
Orain urte batzuk idatzi nuen piper-potoa jarriko zutela Arkauten. Motz geratu nintzen. Udaletxeetan eta Legebiltzarrean ere jarri dute dagoeneko. Adi hurrengoari, EITBko eguraldi mapa aldatzea, edo ertzainen autoetan piper-potoa itsastea, ikurrina folklorikoaren ondoan. Jakina -esango dizute- hori guztia zuok gaiztook dena hondatu nahi duzuelako. Alegia, legez kanporatuta gaudenok, zerrenda beltzetan, isunez josita, kartzelatuta, jazarrita... bizi garenok dugula errua. Biktimismoa egiten ari garela beti eta, gainera, epaileen, poliziaren eta sursum corda-ren laguntza ere badugula. Printzipio batzuei eusteagatik zelakoak jasan behar ditugun. Ez du axola; ezker abertzalekook badakigu zer garen, badakigu ez garela espainolak ez frantsesak, badakigu zein den gure herria, eta badakigu estatu bat kendu zigutela armen indarrez. Eta oso argi dugu zer nahi dugun: etorkizuna askatasunez nahi dugu, eskubidea dugulako, demokratikoa delako. Gu unibertso paralelo bat gara, beste horien unibertsoekin interakzioan bizi dena, horiekin batera. Gu bi dimentsio baino gehiago ikusteko gai gara, ez gara horren kamutsak. Badakigu etorkizuna ez dagoela han aurrean, urrun, baizik eta hor alboan, edo hemen bertan, dimentsioak gurutzatzen diren unibertsoan bizi garelako, Arestik susmatzen zuen bezala. Horregatik, oraingoan ere urrezko botoa emango dugu edo, hobeto esanda, urre gorrizkoa, horrela ere esaten baita gure Mendebaldean. Urre gorrizko ezustea!