Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Pailazokeriak
Lan handia dago egiteko, herritarrak astintzeko, esnarazteko, aktibatzeko eta klase moduan dagokigun harrotasunera bueltatzeko. Zaila badaukagu ere, jakin badakit ez dela ezinezkoaBarkatu Pirritx. Barkatu Porrotx. Beharbada ez nuen berba hori erabili behar, benetako pailazoek egiten dituzten benetako pailazokeriek errespetu osoa merezi dute-eta. Pailazoak izan barik, pailazokeria eskasak lotsa barik egiten ibiltzen direnak dira batere graziarik ez daukatenak.
Baskongadetako hauteskunde hauek eskandalu hutsa dira. Ematen du denak jarri direla ados lerdo txapelketa antolatzeko, ea nor den kapaza tontakeriarik handiena egiteko. Hotz itzela egin duen egun batean PPkoak arropa eta guzti itsasora sartu eta «nos mojamos por ti» lelopean barrezka irten dira -neugatik, pneumonia harrapatu izan balute, askoz zoriontsuago-; Patxi Lopez, mendi puntan ergelkeriak egiten harri baten gainean edota jotzen ez dakien saxofoiari itsasontzi zarata ateratzen «Rolling Stone» aldizkarian; Ezenarro, sokatiran, enpresariz mozorrotutako batzuekin olgetan; eta Ibarretxe, Spock moduan; eta denari kitsch gehiago emateko, hauteskunde hauetan aurkezten ez den Rosa Diezen arrosa konstituzionalista kolore nabarmen zatarrekoa.
Ez mezurik, ez programarik ez konfrontazio dialektikorik; mitinik ere ez. Antzerki txarra eta pailazokeriak komunikabideen aurrean, besterik ez. Zer bihurtu behar dira hauteskundeak? Botoa ematea «Gran Hermano»ko norbait sakelakoaz bozkatzean bezala? Gogokoen edo jasangaitzen egiten zaidanari bozkatu eta kito? Telezaborra, horixe da modan dagoena; beraz, azalaraz ditzagun politikari-zaborrak ere jendaurrera!
Ez nau kezkatzen horiek guztiek tontoarena egiteak. Kezkatzen nauena da mezua daukagunok horrela ez jokatzeagatik eta pentsatzen duen jendartea nahi eta borrokatzeagatik isilarazita egotea. Hobeto esanda, horrek amorratu egiten nau. Edukiz hustuta egotea eta pailazokeriekin anestesiatzea lortzen ari diren jendeak egoera hau «normaltasunez» onartzeak kezkatzen nau.
Benetan ondo antolatuta daukatela onartu behar zaie, baina Euskal Herriaz gain, mundura ere begiratuz gero, akaso hain gainbeheran gaude? Akaso ez dago zirrikiturik matxinadarako? Akaso Obama moduko zerbait al da herri batek eska dezakeen hoberena?
Ilusio katodikoetan drogatzen diren txotxongiloak nahi dituzte. Ogia eta zirkua, nahiz eta gero eta ogi gutxiago eta zirku gehiago eduki. Hala ere, ezinbestekoak diren tertulianoei behin baino gehiagotan entzun behar diegu euskal jendartea zein heldua, zentzuzkoa eta zentzuduna den (beste batzuekin konparatuz gero, jakina, zeren eta hemen, mundu guztiak dakienez, beti baikaude hobeto edozertan...). Horrela balitz, kanpaina hau politikarien aldetik jendarte zentzuzko hori zozotzeko ahalegin moduan ulertu beharko litzateke: horrela ez balitz eta inor ez bada harritu eta inor ez bada asaldatu, berandutxo gabiltzala esan nahiko luke. Lehenbiziko aukerarekin geldituko nintzateke, baina ez nago lar seguru.
Lan handia dago egiteko, herritarrak astintzeko, esnarazteko, aktibatzeko eta klase moduan dagokigun harrotasunera bueltatzeko. Zaila badaukagu ere, jakin badakit ez dela ezinezkoa.
P. D.- Inork esan ahal dio Basagoitiri, mesedez, barrerik ez egiteko, egiten duen bakoitzean popatik gora makila bat sartu diotela ematen duela-eta?