GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Desafioa

Zubizarreta eta Txikon beren estreinako apusturako prest daude

Azpeitiarra eta lemoatarra datorren igande eguerdian neurtuko dira Azpeitian. Bakoitzak 16 kana-erdiko moztu beharko ditu.

p046_f01_64448.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Alex Txikonek eta Joxe Felix Zubizarretak beren lehen apustua jokatuko dute igande eguerdian, 12.30etik aurrera, Azpeitiko zezen-plazan. Aizkolari bakoitzak 16 kana-erdiko moztu beharko ditu, enborrak Zubizarretak eramango ditu, eta kirolari bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Bi aizkolariak gogotsu daude beren bizitzako estreinako desafio honen aurrean: «Jadanik pasatzeko gogoa eginda. Apur bat urduritzen ere hasita nago, baina bestela gustura, lanean gustura aritu naiz, eta ez daukat inongo aitzakiarik», esan du Alex Txikonek.

Joxe Felix Zubizarreta ere gustura dago: «Orain arte nahiko lasai egon naiz. Lehiaketa bat bezala hartu nahi dut, eta oraingoz, behintzat, gauzak nahiko lasai doaz», esan du Zarautzen bizi den azpeitiarrak.

Bi aizkolariak ere lanarekin konforme gaude: «Egia esan uste dut lan ona dela, estreinako apustua dut, eta 16 kana-erdiko ongi dago. Hala ere, prestakuntzak aurrera egin duen moduan oso ongi aurkitu dut nire burua, eta agian 20 kana-erdiko ere ez zitzaizkidan gaizki etorriko, baina 16 ere uste dut oso ongi dagoela», esan du Lemoakoak.

Azpeitiarrarentzat ere, lana nahikoa omen da: «Baietz uste dut. Biontzat lehen apustua izango da, eta uste dut probatzeko lan polita dela», onartu zuen Zubizarretak ere.

Hala ere, Txikonek badauka damu txiki bat ere: «Egia esan eskarmentu falta izan genuen apustua egin genuenean. Enbor guztiak Zubizarretak eraman behar ditu, eta hor hanka sartu genuela uste dut. Berak badaki zer egin behar duen, nolako enborrak diren, guk berriz, ezer ere ez. Era guztietakoekin prestatu gara, baina ez da gauza bera», esan du bizkaitarrak.

Iganderako jakin-minik badagoela esan dute bi kirolariek: «Hemen Bizkaia aldean asko hitz egiten da apustu horri buruz. Aste honetan jakin dudanez, bizkaitar batek eta gipuzkoar batek jokatuko duten bigarren apustua omen da, eta honek Bizkaiko aizkolaritza indartzeko balio duela uste dut. Arratia bailara honetan gorantz ikusten dut kirol hau, eta espero dut desafio honek laguntzea».

Azpeitiarraren esanetan, bere inguruan ere sumatzen omen du apusturako giro hori: «Jendea kalean galdezka ari da eta entzuten dituzu gauzak. Ez gara maila nagusiko aizkolariak, baina sumatzen da giroa», esan du. Beti esan ohi da apustu batek lehiaketa batek baino askoz presio gehiago eragiten duela, baina Joxe Felixek hori ez du nabaritu: «Gauza ezberdinak dira, baina esan bezala, lasai nago. Saiatu naiz txapelketa bat izango balitz bezala prestatzen, eta agian horregatik izango da», esan du.

Lemoakoak, ordea, bai nabaritu duela aldaketa hori: «Bai, dudarik gabe. Nire erakusleek ere gehiago eskatzen didate, kalean ere askoz gehiago hitz egiten da. Ni ari naiz nabaritzen», aitortzen du Alexek.

Horrelako apustuetan lanak amaitzeko zer denbora beharko duten jakitea ere nahi izaten du zalegoak, baina hori ez da erraza izaten, enborren arabera izaten baita. Hala ere, adituen ustez, irabazlea 50 minutu ingururen bueltan ibiliko omen da. Hori guztia, ordea, igande eguerdian jakingo da.

Jokoa amaitu bezain pronto, Andorrara joan behar

Alex Txikonek ez du apustua amaitu ostean horri buruz pentsatzeko tarte handirik izango, galdu edo irabazi, Andorrarako bidea hartu beharko baitu. Aizkolaria izateaz gain mendizalea ere bada, eta zortzimilako bat baino gehiago eginak ditu. Hil honen amaieran abiatuko da Himalaya aldera, baina aurretik hiru egunetan bilduta egongo dira Andorran.

Igandean bertan abiatuko dira «Al filo de lo imposible» taldekoak, eta tartean izango dira Juanito Oiarzabal eta Edurne Pasaban ere. Aurretik hiru eguneko egonaldia egingo dute Pirinioetako herrialde horretan, eta hil honen amaieran joango dira Kangchenjungara. Beraz, bizkaitarrak galdu edo irabazi, berehala ahaztu beharko du apustua .

Dirua

Apustu honetan kirolari bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu dirutan, beraz irabazten duenak, 6.000 euro jasotzeko modua izango du. Aurretik, ordea, lan handi samarra izango dute, 16 kana-erdiko erdibitu beharko baitituzte.

Azpeitiarrak arraunetik aizkorarako jauzia egitea erabaki zuen

Joxe Felix Zubizarreta aizkoran hasi aurretik arraunean ibilia da. Lau urte Zumaian, eta beste bat Orion eman ostean, orain dela bost urte inguru eman zuen aizkorarako jauzia.

«Txarretik txarrera pasa naizela, hori esaten dit emazteak, eta ez du arrazoi faltarik», esan du Zarautzen bizi den azpeitiarrak

«Bi kirolak dira gogorrak, eta ongi ibili nahi baldin baduzu, sakrifizio handia eskatzen dute. Hala ere ni gustura nabil, eta gustuko lekuan ez omen da aldaparik izaten», esan du.

Zarautzen bizi den beste azpeitiar bat izango du erakusle, Agite, eta aizkorak ematen, Joseba Otaegi. Txikonek ere erabakita dauzka zeintzuk izango diren laguntzaileak, eta Julen Mendieta eta Azurmendi izango ditu alboan, laguntzaile lanetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo