Azpeitia Bilera
Joseba Otaegik erantzun egingo dio Josu Aizpuruk botatako erronkari
J.L. | DONOSTIA
Igandean Azpeitian aizkora apustua izango da, eta bihar bertan, bigarren apustu baten berri izateko aukera izango da. Josu Aizpuru nuarbetarrak desafioa bota zion Joseba Otaegiri pasa den igandean, eta biharko deitu duen bilerara joan egingo da zizurkildarra..
Nuarbetarrak zortzi kana-erdiko eta lau oinbikotara jokatu nahiko luke aurtengo Bigarren Mailako Euskal Herriko Txapeldunarekin, eta horretarako bihar 19.00etatik aurrera Azpeitian egongo da, Mendizabal jatetxean, zizurkildarraren zain.
Otaegik ez dio uko egingo dei honi, eta Azpeitian izango da bera, nuarbetarrarekin hitz egin, eta ados jartzeko asmoarekin. 2007. urteko azkeneko egunetan jokatu zuen bere lehen apustua Rekondoren aurka, eta irabazi egin zuen. Orduz geroztik zurrumurruak ugari zabaldu dira, baten edo besteren aurka jokatuko zuela; baina berak ez dio inori desafiorik bota eta inork berari ere ez.
Azkenean, Aizpuru izan da desafioa botatzen ausartu dena, eta apustua egingo den itxura guztia dauka. Biek jokatu nahi dute, beraz ez luke eragozpenik egon behar desafio hau gauzatu ahal izateko. Joseba Otaegi aski aizkolari ezaguna da, baina Aizpuru berria da. Iazko Euskal Herriko Hirugarren Mailan plazaratu zen ofizialki lehen aldiz, eta orain desafio honekin agertu da. Hau guztia ez da batere txarra, eta orain bilera honetan biak ados jartzea nahi dute aizkorazaleek.