Hipokrisiaren eta moral bikoitzaren adibideak
Bi gertakarik erakutsi dute egunotan Estatu espainiarrean auzi politikoak baloratzeko erabiltzen den moral bikoitza. Alde batetik, Lazkaon Herriko Tabernaren kontra herritar batek egindako erasoaren auzia dago. Beste alde batetik, Baltasar Garzon errefusatzeko PPk aurkeztu duen agirian erabilitako argudioak daude.
Lazkaoko kasuan izugarria da biolentziaren eta kondenaren diskurtsoa ezker abertzalearen aurka egiteko darabilten berberek zein erraz justifikatu duten mailu batekin taberna batera sartu eta aurrean harrapatu duen guztia txikitu duen gizasemearen jokabidea. «Pedagogikoa», «ulergarria», «justua» izan dira ekintza baloratzeko erabili diren hitzetako batzuk. Politikariak, kazetariak eta zenbait herritar bat etorri dira honetan. Areago, zenbait analista politikok gaztearen jokabidea ulertzeko gai direla baina ETAko kideena ulertzea ezinezkoa dela esan dute. Analisirako duten gaitasunaren adibide berri bat. Beste alde batetik, Garzon inpartziala ez dela salatzeko harrigarria da PPk orain salbuespentzat jotzen dituen jokabideak zein puntutaraino diren ohikoak euskal herritarrei lotutako auzibideetan, eta ez Garzonen kasuan soilik. Eta nola txalotzen duten hau, ez soilik PPkoek.
Hartara, partzialtasuna zein hedatua dagoen argi geratu da. Baita gizartearen faro moral gisa jardun nahi duten politikarien hipokrisia ere.