GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

BIGARREN MAILA

Laugarren txartela Cabrerizo-Beroiz eta Aritz Lasa-Arruti bikoteen artean dago

A.A. | DONOSTIA

Bigarren Mailako Binakako Txapelketa ere iritsi da ligaxkako azken jardunaldira eta asteburu honetan geratuko dira erabakita finalerdietan sartuko diren lau bikoteen izenak. Asteburuko garaipenei esker, Berasaluze IX.a-Urberuaga eta Del Rey-Galarza VI.a bikoteek txartela ziurtatuta utzi dute eta, Mendizabal I.a-Ibai Zabala bikoa lehendik sailkatuta zegoenez, bikote bakarra falta da laukotea osatzeko. Saria Cabrerizo-Beroiz edo Aritz Lasa-Arrutirentzat izango da.

Lehen Mailako txapelketarekin gertatu ez bezala, zilarrezko lehiaketan ez dago kontu handirik egin beharrik. Cabrerizok eta Beroizek ostiralean Lizarran irabazten baldin badute, beraiek sailkatuko dira. Baita Aritz Lasak eta Arrutik larunbatean Labriten irabazten ez badute ere. Aurrenekoen porrota eta bigarrenen garaipenak bi bikoteak berdinduta uzten baldin baditu, berriz, enpresa berekoak izanik, tanteo orokorra hartuko da aintzat berdinketa apurtzeko.

Aurreko asteburuak utzitako emaitzei dagokienez, finalerdietan sartu diren bi bikoteek Tolosan lortutako garaipenak nabarmendu behar dira, batetik, eta Aritz Lasak eta Asier Arrutik liderren aurka Zumarragan emandako ezustekoa, bestetik.

Izan ere, nahiz eta finalerdietarako txartela jada poltsikoan zuten, Aratz Mendizabal eta Ibai Zabalak ostiralean galdu zuten aurreneko norgehiagoka final-laurdenetako ligaxka honetan. Asegarcekoak 13 tantoan gelditu ziren Aspeko gipuzkoarren kontrako neurketan. Horrenbestez, Eibarko enpresak hiru bikote sartuko ditu finalerdietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo