GARA > Idatzia > > Kultura

Bederatzi hilabetez 50 ikuskizun eskainiko ditu Dantza Zirkuituak

Hego Euskal Herriko eskaintza handitze aldera, Dantza Garaikidearen V. Zirkuituak bere eskaintza nabarmen handitu du azken edizioekin alderatuz eta guztira 23 dantza talde jarriko ditu oholtza gainean azarora bitarte eskainiko diren 50 emankizunen burutzan.

p050_f01_148x100.jpg

Ariane KAMIO| DONOSTIA

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko antzokiak dantzariz beteko dituen Dantza Garaikidearen V. Zirkuituak otsailaren azken asteburuan ekingo dio aurtengo ibilbideari. Edizio honetakoa, gainera, inoiz egin dena baino luzeagoa izango da, izan ere, azarora bitarte luzatuko baita aurreikusitako programazioa. Lakuako Gobernuak, zirkuituan parte hartzen duten lurraldeek eta antzoki publikoen sareak antolatutako egitasmoak dantza garaikidearen esparru zabalena hartuko du aurtengoan eta, horrela, bere eskaintza are gehiago zabalduko du. Guztira 23 dantza taldek zapalduko dituzte Amurrio, Gasteiz, Agurain, Zornotza, Durango, Elorrio, Leioa, Bilbo, Andoain, Donostia, Eibar, Lasarte, Tolosa eta Zumarragako agertokiak, eta denera, 50 emanaldi izango dira urte amaierara arte eskainiko dituztenak.

Lakuako Gobernuak Kultura Sustatzeko duen zuzendari Iñaki Gomezek azaldu zuenez, «egitasmo horren helburua dantza garaikidearen sorkuntza eta zabalkundea sustatzea da. Dantza gure arte eszenikoen barruan bultzatu behar dugun arlo nagusietakoa da eta, bereziki, dantza garaikidea». Ildo horretatik, «pozik» agertu zen aurtengo ediziorako aurreikusitako programarekin eta eskaintza zabal horrekin lortu nahi dutena «etorkizunean dantza garaikidearen eskaintza egonkor bat izatea» dela nabarmendu zuen.

Bi ikuskizun berezi

Aurkeztuko diren 21 taldeetatik hamaika Euskal Herrikoak dira eta haietako bi dantzarik, Jon Maiak (Kukai-Tanttaka) eta Asier Zabaletak (Ertza), beren ikuskizunak aurkeztu zituzten. Lehenengoak «Hnuy Illa» lanarekin hartuko du parte. Pasa den uztailean estreinatu zuten arren, Joseba Sarrionandiaren poesian oinarritutako obrak arrakasta handia izan du ikusleen artean Kukai eta Tanttaka konpainien hirugarren elkarlana Amurrion, Gasteizen eta Andoainen eskainiko dute. Zabaletak, bere aldetik, «Zoo» lana aurkeztu zuen, zirkuituaren barruan, maiatzaren 23an Gazteszenan estreinatuko dutena. Bertan, «gizakiok barruan daramagun animalia» agerian uzten da, eta animaliengandik datozen erritualak eta ohiturak. Horiez gain, egitaraua osatuko dute, besteak beste, Centro Coreografico Galego-Entremans, Daniel Abreu, Megalo Teatro Movil, Quasar, Thomas Noone, Aracaladanza, Da.te Danza, Toni Jodar, 150 cuerdas, Dantzaz, Elirale konpainia, Logela Multimedia, La Dinamika, Oragnik, Argia eta Matxalen Bilbao dantza taldeek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo