GARA > Idatzia > > Kultura

Debagoieneko turismoa bultzatzeko jardunaldi gastronomikoak antolatu dira

Ainhoa LORES | DONOSTIA

Debagoienean jardunaldi gastronomikoak egingo dituzte datorren astean. Gipuzkoako eskualde honetako eskaintza turistikoaren kalitatea bultzatzea dute helburu egun hauek.

Jardunaldiak martxoaren 2tik apirilaren 30era izango dira eta Debagoieneko hamasei jatetxek parte hartuko dute ekimenean. Jatetxe horietako batzuk aipatzearren, Mendiola hotela (Eskoriatza), eta Baster Alde (Aretxabaleta) ageri dira zerrendan. Eskaintzen dituzten menu guztietan, eskualdeko odolostea, gazta eta pellak zerbitzatuko dira. Arduradunek gomendatu dute erretserba egitea, ezinbestekoa ez bada ere.

Honez gain, gastronomiari buruzko museoak eta ekoizpen enpresak bisitatzeko aukera berezia eskaintzen dute jarduera hauek, martxoan eta apirilean.

Leitz Gatzagan, adibidez, «Iturriko gatza mahaian gozo» deituriko bisitan, eskualdeko barazki eta fruta kontserbak ekoizten dituen enpresa eta Gatz Museoa ezagutzeko aukera izango da, igande goizetan, 11.30ean.

Arantzazun bestalde, Gomistegi kooperatiba ezagutzeko aukera egongo da. «Euskal artzaiaren baserria» deituriko bisita gidatuak gaztaren ekoizpen prozesua ezagutzeko eta dastatzeko beta emango du.

Eskaintza hauekin guztiekin, beste mota bateko bisita turistikoak ere aipatu behar dira: Oñatiko unibertsitatera, Arrikrutz kobetara edo Arantzazuko santutegira bisita gidatuak, alegia.

Jarduera hauen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero: www.turismodebagoiena.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo