Amagoia Mujika Kazetaria
Neskak alde batera eta mutilak bestera
Salamancako eskola batean programa berri bat jarriko dute martxan datorren ikasturtean. Hiru urtetik hasita, neskak alde batera eta mutilak bestera. Neskak eta mutilak oso desberdinak omen dira eta bakoitzak bere aldetik -eta elkarrekin nahastu gabe- emaitza akademiko askoz hobeak lortzen omen dituzte. Baina Salamancara joan gabe, gertuago baditugu horrelako eskolak. Euskal Herrian ere badira neskak eta mutilak bereizten dituzten zentroak. Horietako batzuetan, gainera, bereizketa muturrekoa da; nesken eskolan irakasle guztiak emakumezkoak dira eta mutilen eskolan, gizonezkoak. Ikasketetan arrakastatsuagoak omen dira ikasle horiek. Horrela erakusten omen dute Amerikako Estatu Batuetan egindako zenbait ikerketak. Eta, noski, estatubatuarrek hori esaten badute, amen, amen...
Semea mutilen eskola batera eramaten duen bati argudio bitxia entzun diot aste honetan bertan. Nonbait, neska batzuk «adin jakin batean» eskolara ikastera baino, bere gorputzeko parte jakin batzuk nabarmentzera joaten dira. Eta, noski, mutiko gizajoak, nahi gabe, despistatu. Liburuari begiratu beharrean... Beraz, dezente sanoagoa dirudi 16-18 urtera arte mutilak mutil artean eta neskak neska artean haztea eta heztea, ez daitezen txorakeriekin despistatu. Eta gero gerokoak, ezta?
Gero, gizarte kohesionatu baten parte izan behar dutela esango diegu; gizarte parekide batean bizi behar dutela; ordura arte ezezagunak izan zaizkien gizaki bitxi horiek -beste sexukoak- errespetatu egin behar dituztela. Eta bide batez, elkarrekin ezkondu eta hipoteka potolo batean sartzen badira, hobe.
Espediente akademiko distiratsua duten ezjakinak izango dira. Izan ere, zein pedagogikoa den noizean behin parekoari begira jarri eta despistatzea, ezta?