GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Konfederazioak Parisek agindu legerako «gutxienekoak» landu ditu

Unescoren Atlasak Ipar Euskal Herrian euskararen egoera larria baieztatu besterik ez duela egin dio EK-k. Alta, Parisek lekuko hizkuntzei buruz iaz agindu zuen legeak galzoritik irteteko lagundu dezakeelakoan, jaso beharko lituzkeen gutxieneko neurriak zehaztu ditu.

p021_f01_199x108.jpg

A.M.|

Munduan galzorian dauden 2.500 hizkuntzen artean euskara dagoela azaldu du berrikitan Unescok aurkeztutako Arriskuan diren munduko hizkuntzen atlasak. Euskal Konfederazioaren (EK) esanetan, bada lehendik ezaguna zen beste datu zehatz bat: Euskal Herri osoan euskararen egoera ahula da, baina are eta okerragoa da Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan eta Nafarroan.

Estatu frantsesean «lurralde hizkuntzen aldeko politika orokor eta koherenterik» sekula izan ez dela nabarmenduta, EKk gogorarazi du, halere, 2008ko maiatzean gobernuak agindu zuela «`eskualde' hizkuntzen aldeko lege bat» egingo zuela aurten. Agindutakoa noiz eta nola beteko duen kezkaturik, EK-k gutuna igorri zion urtarrilaren 30ean Christine Albanel Kultur ministroari, zehaztasunak eskatuz. Erantzunaren zain geratu gabe, hizkuntza gutxituak «galbidetik ateratzen hasteko» legeak jaso beharko lituzkeen printzipio eta gutxieneko neurriak proposatzen dituen dokumentu bat landu du Euskal Konfederazioak.

Euskararen esparruan lan egiten duten hainbat eragile biltzen dituen erakundeak argi dauka proposatutako neurriak hizkuntzaren normalizazio osorako «nahikoak» ez direla baina, aldi berean, segur daki neurririk hartu ezean, «euskarak maldan behera» segituko duela Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.

Dokumentu hori duela bi aste aurkeztu zion Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari Max Brissoni eskaera zuzena eginez: legea idazteko ardura dutenei helaraz ziezaiela, alegia. Halaber, ARF Estatu frantseseko eskualdeen elkartearekin harremanetan jartzeko asmoa du bere ikusmoldea ezagutarazteko.

Oinarrizko printzipioen artean hauexek planteatzen ditu EK-k: hizkuntza politiken kudeaketa lekuko lurralde elkargoen gain uztea; elkargo horiek tokiko hizkuntzen iraupenerako eragile bilakatzeko engaiamendua hartzea; kultur arloko eskumenak ematea egiazko hizkuntz politika plantan ezartzeko; frantsesaren parean elkargo horiek lekuko hizkuntzen ofizialtasuna aitortzea; hizkuntzen erabiltzea, entzutea, hitz egitea eta irakurtzea ahalbidetzea; esparru publiko eta sozialean beroien presentzia segurtatzea eta tokiko hizkuntza eta kultur nortasunari esker, etorkinen integrazio eta gizarteratzean parte hartzea.

Lege horrek bermatu beharko lituzkeen oinarrizko neurrien artean, EK-k plazaratutako agirian jasotakoek hainbat alorretan eragiten dute, hala nola: administrazio eta zerbitzu publikoak, hezkuntza eta prestakuntza, esparru sozio-ekonomiko, kultura, komunikabideak, onomastika eta `mugaz gaindiko' harreman esparrua.

MOBILIZAZIOA

Zein mobilizazio burutu aztertzen ari da EK, «lege horrek hizkuntza politika ausartak garatzeko baldintza hoberenak eskain ditzan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo