GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Pausoka pausoka hondakinen arazoari irtenbidea ematen

Hondakinen artetik zati organikoa banatzeko xedez hasi ziren Ainhoa Arrozpide eta Javier Arruti usurbildarrak konposta egiten. Egunotan, bide bera hartu behar duten herritar askori esperientziaz mintzatzen zaizkie. Errespetuz hasi zuten lana dela onartu dute, eta denboraren joanean onurak baino ez dizkiote ikusten sistemari.

p024_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Orain dela urte batzuk ez zuten berehalakoan pentsatuko zaborrontziari horrenbesteko arreta eskainiko ziotenik, «besterik gabe bota eta kito!». Baina errauste-planta itzal egiten hasi zitzaienean, zaborrak eta horien kudeaketa eguneroko hizketa gai eta ardura bilakatu zitzaizkien usurbildar askori, tartean Ainhoa Arrozpide eta Javier Arrutiri.

Hondakinak errausteko sistemaren aurka gogor borrokatu da Arrozpide azkenaldian, baina kalean ez ezik, etxean eta egunerokoan egiten den lanaren garrantziaz ere jabetuta, pasa den irailean hasi zen etxean sortzen duten zabor organikoarekin konposta egiten. «Hainbat herritarrek egiten zutela ikusita `guk zergatik ez?' pentsatu eta ikastaro batean eman genuen izena». Bertan ikasi zituzten konposta egiteko oinarrizko nozioak eta konposta-makinak eskuratu zituzten. «Hasieran, ez dut ukatuko, errespetua ematen du, izugarrizko lana dela baitirudi; horregatik, udako oporrak pasa arte itxaron genuen hasteko», azaldu du. Ohiturak aldatzean dagoela gakoa nabarmendu du: «Jendeak esaten du izugarrizko zaborrontzi pila behar direla, baina txiki batzuekin nahikoa da, kontuan izan behar baita zaborrak batera eta bestera banatu behar direla; usaina da beste kezka, baina zabor zatiak ondo bereiziz gero, usaina apaldu egiten da. Gu ez gara egunero aritzen organikoa baratzean jarritako konpostagailura eramaten». Dagoeneko lortu duten konposta kantitatearen gainean galdetzean, barre egiten du: «Ezjakinak gu! Bi makina ekarri genituen, bata guretzat eta bestea aitarentzat; hala ere, hasterako beteko zitzaizkigula pentsatzen genuen, eta gaur da eguna, lau bost hilabete pasata, bat bera ere ez duguna bete», argitu du.

Zati organikoak duen pisuaz ohartarazten du: «Barazkiak prestatzen hasi eta eskukada hondakin sortzen da edota laranja zukua egitean...», jarri ditu adibide. Horretaz gain soberan geratutako janaria ere bideratzen da konpostagailura. «Azken batean, zati organikoa, papera, beira eta ontziak bereiztuta, errefusen ontzian ia ez da ezertxo ere geratzen; sistema hau abian jartzen denean jende asko harrituta geratuko da benetan zaborra zer den ohartzean», azaldu du.

Usurbilen laster jarriko da abian hondakinak biltzeko aitzindaria den sistema. Hondakin organikoa bereizita jasoko dute herriko hainbat eremutan eta konpostatzeko makinak banatu dituzte baserri inguruetan eta lorategi edota baratzea duten herritarren artean. Jada 400 bat familiek eman dute izena. «Guk orain arte bezala jarraituko dugu, baina etxekoak gehituko zaizkigu». Orain artean bikoteak eta beren gurasoek elikatzen zuten konpostatzeko makina, «orain izeba eta anaia ere hasiko dira».

«Onurak baino ez»

Javier Arrutik ere jada badu eskarmentua konposta egiten. Orain bi urte hasi zen etxeko hondakin organikoari probetxu ateratzen konpost makinaren bidez. «Egunkarian ikusi nuen beste pertsona batzuen esperientzia eta animatu eta makina ekarri nuen etxera». Orain, Usurbilgo Udalak abian jarri behar duen bilketa sistemarekin bat, berari ere etxekoak gehituko zaizkio, eta lau etxebizitzatako kideak hasiko dira konposta egiten. Lan apur bat bai, baina gainerakoan abantailak baino ez dizkio ikusten. «Lehen lorategiko belarra moztu eta zakarretara bota behar izaten genuen, orain konposta egiteko baliatzen dugu hori ere», azaldu du. Oraindik ere sortutako konposta findu beharra duela onartzen du, baina bera ere harrituta dago hondakin organikoak zein xehatuta geratzen diren ikusita: «Oraingoz behin bakarrik hustu dut ontzia, kosta egiten da betetzea».

Herritarrak egiten ari diren esfortzua kontuan harturik zentzugabea deritzote errauste-planta eraikitzeko ideiari eustea. «Guk probatu dugu konposta egitea zer den eta sistema honek dituen abantailak ikusita amorrua ematen du, horrelako azpiegitura besterik gabe jartzea gure osasuna arriskuan jarriz», nabarmendu du Arrozpidek. Itxaropentsu daude, halere: «Usurbilen sistemak funtzionatzen duela ikusita, beste herri batzuk hasiko dira eta proiektuak zentzua galduko du erabat».

Donostiako alde zaharreko bilketa sistema salatu du Eguzkik

Donostiako Eguzkik Alde Zaharreko hondakin bilketari buruzko azterketa egin du eta ondorioztatu du egun egiten den bilketak ez duela birziklatzea bultzatzen; izan ere, gaikako bilketarako ontziak gutxi dira, eta gainera Alde Zaharretik urrunduta daude. Halaber, hondakin organikoen bilketa ez dela ahalbidetzen eta egun berezietan zerbitzu gehigarririk ez dela jartzen ohartarazi dute. Kontuan hartu behar da, bertan taberna eta jatetxe asko biltzen dela. Gisa honetan Donostiako Eguzkik salatu du zenbait egunetan kale bazterretan pilatzen direla zabor poltsak.

Talde ekologistak atez ateko bilketaren aldeko apustua egiten du eta Donostiako Udalari eta San Markoseko Mankomunitateari eskatu die Usurbilgo Udalak abian jarriko duen sistemaren egokitasuna azter dezatela. «Ez da irtenbide bakarra, baina bai osatuena», adierazi du. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo