GARA > Idatzia > > Kultura

Omenaldi beroa eskaini zieten Donostian, iaz hildako euskaltzainei

Euskaltzaindiak azken urte honetan hil diren euskaltzainei omenaldi hunkigarria eskaini zien atzo Gipuzkoako Foru Aldundian ospatutako ageriko bilkuran. Bidegain, Telletxea Idigoras, Etxeberri, Knörr, Iratzeder eta Etxenagusia izan ziren agurra jaso zutenak.

p049_f01_149x137.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen atzo arratsaldean Donostian. Modu honetan, joan den urtean hil ziren euskaltzainei omenaldia egin nahi izan zien. Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidentea izan zen hitza hartzen lehena. «Berdin dio euskaltzain urgazle, oso edo ohorezko izan ziren. Guretzat guztiak dira euskaltzainak», adierazi zien bilkurara hurbildu ziren familiarteko eta lagunei. Bere ondoan, mahaia osatuz, Beñat Oiarzabal buruordea, Andoni Sagarna Iker saileko burua, Xabier Kintana idazkaria eta Andres Iñigo Jagon saileko burua izan zituen.

Omenaldi gisa, pantaila batean euskaltzain izandakoen gaztetako zein duela gutxiko argazkiak agertzen ziren bitartean, hilberri-txostenak irakurri zituzten hainbat euskaltzainek. Maria Pilar Lasarte euskaltzain urgazlea izan zen lehena eta Milagros Bidegain euskaltzain urgazlea izan zuen hizpide. 84 urte zituela hil zen Bidegain errenteriarra. Filosofia eta Letrak ikasketak etxean burutu zituen eta latinean espezializatu zen. Azterketak egitera Valladolidera joaten zen Bidegain. Bere garaiari benetan aurrea hartu zion emakume izan zela nabarmendu zuten.

Joseba Intxaustik ohorezko euskaltzainak irakurri zuen Jose Ignacio Telletxea Idigoras urgazleari buruzko txostena. 79 urte zituela, joan den martxoan hil zen Donostian. Eliz historian eta Filosofia eta Letratan lizentziatua izateaz gain, Teologian doktorea zen Telletxea Idigoras. Bere lanik ezagunena «Ignacio de Loyola, solo y a pie» izan zen, Loiolako Inazioren biografia.

Hirugarren omendua Jacques Etxeberri urgazlea izan zen. Pierre Xarritton hazpandarrak irakurri zuen 1965tik euskaltzain izandakoaren txostena. Donibane Lohizunen jaioa, Filosofia eta Psikosoziologia ikasketak burutu zituen Parisko Sorbonan eta 86 urterekin hil zen Baionan, iazko martxoan.

Henrike Knörr euskaltzain osoa izan zen ondorengo omendua, eta beste euskaltzain oso baten esku egon zen bere txostena, Jose Luis Lizundiaren esku, hain zuzen. Knörr 1977. urteaz geroztik izan zen euskaltzain oso eta 2004an Iker saileko buru izendatu zuten. Euskal Filologian doktorea, Tarragonan jaiotako arabarra gaixotasun luze baten ondorioz hil zen apirilean, 61 urte zituela.

Xabier Diharce Iratzeder euskaltzain osoaren txostena Jean Haristchelhar emerituak osatu zuen. Donibane Lohizuneko idazlea Beloken hil zen iragan urrian, 88 urterekin. Liburu ugari utzi zituen Iratzederrek, «Zeru menditik» edo «Oroitzapen purruxkak», esaterako.

Azken omendua Karmelo Etxenagusia izan zen, ohorezko euskaltzaina eta Bilboko gotzain laguntzaile emeritua. Adolfo Arejita ohorezko euskaltzainak eskaini zizkion honi bere hitzak.

Xarles Videgain proposatu dute euskaltzain oso izateko

Txomin Peillen euskaltzain emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, atzo amaitu zen hautagaiak aurkezteko epea eta Xarles Videgain euskaltzain urgazlea proposatu zuten euskaltzain oso izateko. Hautagaitza bakarra Piarres Charritton, Jean Haritschelhar, Joseba Lakarra eta Beñat Oihartzabal euskaltzain osoek aurkeztu zuten eta datorren hilean bozkatuko dute. Xarles Videgain Baionan jaio zen 1947an eta Letretan doktorea da. Euskaltzaindiaren Atlasgintza lantaldeko arduradun teknikoa eta Hiztegi Batuko lantaldeko kidea da. 2007an Baionako Hiria-Eusko Ikaskuntza Euskal Kultura saria jaso zuen.

IRAKURKETA

Iaz hildako sei euskaltzainei, beste horrenbeste euskaltzainek txosten bana eskaini zieten. Argazkiz lagunduta, bakoitzaren bizipenak eta egindako lanak gogoratu zituzten.

ANTONIO ZAVALA

2009ko urtarrilean hil zen teologo eta idazle Antonio Zavala euskaltzain osoari hurrengo ekitaldi batean egingo dio omenaldia Euskaltzaindiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo