GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Ipar Euskal Herriak eredu jakobinoa baztertu eta autonomia behar du»

Azken urteetan Parisek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren beharrei irtenbiderik eman ez diela nabarmenduta, tokiko erakun- deen erreformaren «arriskuak» azaldu ditu abertzale talde batek. «Bertako egitura urrien itzaltzea» ekar lezakeen «deszentralizazioaren kontrako joera» sumatzen dute. Beren ustez, «soilik eskumen zabaleko egitura batek, autonomiak», erantzungo die lurraldeon premiei.

p015_f02_148x100.jpg

Arantxa MANTEROLA |

«Euskal Herria behatu eta entzutea ez da aski; onartua eta errespetatua izan behar du» adierazi zuten irmoki, atzo Baionan, autonomiaren eskakizuna plazaratzeko bildutako abertzale talde batek.

Berrikitan Hautetsien Kontseilu eta Garapen Kontseiluko ordezkaritzak Balladur batzordearekin Parisen bildu ostean, Jean-Jacques Lasserre presidentearen adierazpenen harira egin zuten aldarrikapen hori taldearen izenean mintzatu ziren Battit Amestoik, Haizpea Abrisketak eta Mattin Etxeparek.

Tokiko erakundetzearen erreforma aztertzen ari den batzordearen gogoeta eta proposamenek «ondorio eta arrisku han- diak» ekar ditzakete haien esanetan: «Besteren artean, egun dauden egitura eta aintzatespen apurrak -aipatutako kontseiluak, Lurralde Hitzarmena- itzaltzea. Baina, arrisku handiena erreformaren beraren helburua da, hots, zentralismoaren azkartzea. Hori, jakina, ez da ona Ipar Euskal Herriarentzat».

Eztabaida hain garrantzitsua izaki ere, «soilik aditu eta hautetsi gutxi batzuen artean» ematen ari dela salatu zuten: «Eztabaida hori ireki, plazaratu egin behar da parte hartu nahi duen orok hitza izan dezan».

Eskumenak onartu

Hori da, hain zuzen, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren geroaz kezkatuta, «lurraldeon aitortza bermatu eta eskumen aski izango dituen aintza- tespen instituzionala ezinbestekoa» dela deritzon taldearen helburu nagusia.

«Marko berri hori gauzatzeko autonomia estatusaren onarpena» behar dela sinetsita, eztabaida gizarteratzea dute xede. Horren karietara, taldearen gogoeta jasotzen duen agiria plazaratu dute.

«Aspaldi hiru lurraldeen egoera larriaz egin zen diagnostikoak bere horretan» segitzen duela nabarmendu zuten. Estatuak azken urteotan garatutako politikek ez diete, beren ustez, «Ipar Euskal Herriko premiei irtenbiderik eman».

Areago, azken Lurralde Hitzarmena sinatu zenetik, bertako egiturak (Ofizialen Ganbera, Industria Ganbera, Gizarte Asegurantza Ursaff eta familia laguntzetako CAF...) «desagertzen eta zentralizatzen ari dira eta, bitartean, argi azaltzen da `Euskal Herria 2020' eta antzeko prozedurek ez dutela inolako erabakitze-ahalmenik, AHT linea berriaren proiektuaren inposaketa da azken adibidea» esan zuten abertzale hauek.

Lurralde antolaketarako «estrategikoak» diren ahalak eskuratzeak, beraz, «berebiziko garrantzia» du beraien ustez.

Nazio identitatea

Bada, halere, Parisek begi onez ikusten ez duen beste zerbait: «Estatu frantsesak jakin badaki nazio bat garela, baina ez du onartu nahi eta jarrera atzerakoia mantentzen du nazio-identitateekiko. Bi mende dituen eredu jakobino hori baztertzeko garaia da», adierazi zuten Sarkozy presidenteari eta Fillon Lehen ministroari zuzenduz.

XXI. mendeko antolamendu irizpideak oso bestelakoak behar dute izan, haien ustez: «Deszentralizazioan, subsidiario izaeran eta demokrazia parte-har- tzailean oinarritutako lurralde antolamendua abian jartzeko ordua da. Horrek izen bat du: autonomia».

ONGI ETORRI

Erreformak instituzio berezi bat sortzea ekarri beharko lukeela esan du Lasserrek. Hori autonomia eskariarekin bat datorrelakoan, «ongi etorri gurera», erantzun diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo