GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hiztegia? Hustegia!

Asko hitz egiten dute, kanpainetan batez ere, ezer gutxi esateko. Hitzak hutsean utzi ditzaten hitz egin ere (saiatu esaldi hau arin ahoskatzen). Hortaz, ekonomian hain aipatua duten kostu-mozkina moduko analisia egin beharko lukete, horien hitzek herritarrentzat duten kostua eta dakarkieten mozkina alderatzeko. Seguru krisia aterako zela ondorio. Tira, harira! Cambio entzun dut azken boladan edonondik. Eta orain hilabete batzuk Atlantikoaz bestaldetik etorri zen Change harena ekarri dit burura. Aldaketa? galdetu diot neure buruari, kasualitatean gorputzaren goialdean dudala baliatuta. Zer aldaketa? Eta buruak segituan argitu dit iluna: aldaketa klimatikoaz ari dira, Julen! Kontxo! azkenean ulertu ditut azken egunotako albiste bihurri batzuk! Horra, lehengoan entzun nuen polo aldeetako izotzak uste baino arinago urtzen ari direla; esaldi zaharrak dioenez: usteak urtzen!

Lehenengo kolpean zera pentsatu nuen: seguru sozialistaren bat polo aldeotara joan eta mazo-kolpeka di-da oldartu zaiela lekuan leku diren izotz-metei. Baina orain jakin dut egia, klimaren aldaketa dago urtze arinagoaren atzean. Are gehiago, itxura batean beheko estatuaren justizia hasita dago ikertzen klimaren azken urteotako ibilbideak, eta bidaideak. Eskerrak aldaketa klimarena den! Lehengoan ere, El Niñok gurean uholdeak areagotuko zituen igarpena entzun nion igarle bati, eta nik, jo eta ke, hurrengo gabonetan loteriak gurera diru-oldea ekarriko zuelakoan geratu nintzen. Bai zera! ustea ustel, honetan ere. Ozeanoetan den aldizkako gertaera handia ei da El Niño horrena; beno, orain arteko lehendakariak esango lukeen modura: El Niño eta La Niña! Ama, ama! hainbeste urte unibertsitatean eman eta oraindik hain tonto! Baina nire amak ulertu egingo du, dagoen lekuan dagoela ere, azken finean nire ikasle garaian Italian ez zen Bolognarik. Non nintzen? A! bai! harira!

Lehengoan ere, Jaurlaritzako buru bat entzun nuen lucha hitza behin eta berriz ahoan zuela, positiboan! Iraultza hemen da! pentsatu nuen derrepentean. Bai zera! Plan Vasco de lucha contra el cambio climático zuen hizpide. Euskaraz, Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plana. Konturatu? gazteleraz lucha contra, euskeraz aurka baino ez. Eta borroka non? Ama, ama! 360 graduko aldaketak dira batzuenak. Eta Euskal Herrian gaur urrea!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo