GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Apustua

Azpeitiarra garaile bere herrian

Minutu erdiko aldea erdietsi zuen lehen kana-erdikoan eta Alex Txikonek ez zuen horri buelta ematerik lortu.

p044_f01_31291.jpg

Jon LEUNDA | AZPEITIA

Ez zen ezusterik izan, eta Joxe Felix Zubizarretak irabazi zuen atzo Azpeitian jokatu zen apustua. 43 minutu eta 20 segundotan amaitu zituen lanak gipuzkoarrak, eta 45 minutu eta 14 segundotan, berriz, bizkaitarrak. Jendeak ere bikain erantzun zuen, 500 ikusletik gora izan ziren zezen-plazan. Dirua, 100-80ri atera zen irabazlearen alde.

Aizkolariek hamaseina kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten, eta bakoitzak 3.000 euro jokatu zituen. Agite eta Otaegi izan zituen laguntzaile Zubizarretak, eta Mendieta eta Azumendi Txikonek. Enbor guztiak Zubizarretak plazaratu zituen, eta orokorrean onak atera ziren. Desafioa amaierako emaitzari begiratuta pentsa daitekeena baino estuagoa izan zen. Lehen enborrean azpeitiarrak ia minutu erdi bat kendu zion Txikoni, eta amaieran hori erabakiorra izan zen. Hortik aurrera atzetik aritu zen Lemoakoa, aldeak moztu nahian, eta horrek amaieran eragina izan zuen.

Lehenengo kana-erdiko horretan lortutako aldeak bere horretan jarraitu zuen lan erdiak bitarte, eta zortzigarren enborrean, lan erdietan, alegia, aldea apur bat handitu zuen irabazleak. Tartea minutu bat pasakoa zen. Artean ez zegoen ezer erabakita, baina garaileak ez zion aurkariari aukerarik eman.

Ondorengo bi egurretan, Txikonek denbora apur bat laburtu zuen, artean apustua bazegoen. Baina hortik aurrera, ordea, Zubizarreta lehengora itzuli zen. Gero, Joxe Felixek bidea samurragoa izan zuen, baina ez zuen izan atseden hartzeko betarik, Txikonek lanean jarraitzen baitzuen, eta garaipena erdiesteko erritmoa jaitsi gabe jarraitu beharra zeukan Gipuzkoarrak. Hala ere, azkenaurreko enborrean dena erabakita geratu zen. Minututik gorako aldearekin sartu zen Zubizarreta, eta hamaseigarren kana-erdikoan ederki gozatu ahal izan zuen azpeitiarrak. Azken enborra zuen; bazekien garaipena beretzat zela, bere lehen apustua eta garaipena beretzat zen, eta zaleen txalo artean bukatu zituen lanak.

Kiroltasuna nagusi

Amaieran, minutu eta 54 segundoko aldearekin lortu zuen garaipena Zubizarretak. Lehendabiziko apustua zen beretzat, bai eta Txikonentzat ere. Horrenbestez, lehen desafio honetan eskarmenturik gehien zuen aizkolariak lortu zuen garaipena, Zubizarretak, alegia. Amaieran, ordea, zaleek ederki jakin zuten bi kirolarien ahalegina eskertzen, eta txalo artean agurtu zituzten bi aizkolariak, lan polita egin baitzuten. Ez da ahaztu behar biak Hirugarren Mailako aizkolariak direla. Hasi aurretik, irabazlea 50 minuturen bueltan ibiliko zela esaten zen, eta galtzaileak ere 45 minututan amaitu zituen lanak, beraz ezin kexatu, eta zaleek ere horrela ulertu zuten.

Kiroltasun handia izan zen bi kirolarien artean, izan ere, saioa amaitu bezain pronto, Txikon Zubizarretarengana joan eta besarkada batekin eman zioten desafioari amaiera. Garbi geratu zen kiroltasuna beste ezeren gainetik zegoela, eta hori ere erruz txalotu zuten Azpeitin izandako zaleek.

Zubizarretak, enborrez enbor egin zituen denborak honako hauek dira: 1.49; 4.16; 6.44; 9.16; 11.56; 14.46; 17.28; 19.46; 22.57; 25.54; 26.43; 31.28; 34.35; 37.44; 40.35 eta 43.20.

Txikonenak, berriz, honako hauek izan ziren: 2.15; 4.42; 7.26; 10.05; 12.36; 15.37; 18.20; 21.02; 23.36; 26.43; 29.56; 32.56; 35.45; 38.31; 41.52 eta 45.14.

Amaieran, galdu arren, Alex Txikon ez zen haserre: «Oso lan ona egin du berak. Hasieran aldea kendu dit, eta ezin izan diot horri bueltarik eman», esan zuen aizkolari bizkaitarrak apustua amaitu bezain pronto. «Orokorrean egindakoarekin gustura nago, uste dut denbora ona egin dugula», gaineratu zuen. Hurrengo aizkora apustua maiatzaren 31n izango da. Joseba Otaegik eta Josu Aizpuruk neurtuko dituzte indarrak, eta bi aizkolari horiek ere Azpeitian arituko dira.

Zubizarreta: «Bukaerara arte ez naiz lasaitu»

Joxe Felix Zubizarretak jokatu duen lehen apustua irabazi egin zuen, eta pozarren zegoen saioaren amaieran. Halere, azkeneko enborrera arte ez zuela lasaitzerik izan onartu zuen amaieran: «Lehen enborrean aldea atera dut, baina bera ere gainean izan dut denbora guztian, eta azkeneko enborrera arte ezin izan dut lasaitu. Azkeneko kana-erdikoan banekien irabaziko nuela», aitortu zuen.

Egindako lanarekin eta jendearen erantzunarekin gustura zegoen: «Uste dut denbora ona egin dugula. Lanarekin gustura geratu naiz. Jendeak ere erantzun ona eman du, eta hori ere garrantzitsua da», esan zuen irabazleak desafioa amaitu zuenean

zena ABIZENA

Azpeitia utzi eta Andorrarako bidea hartu behar

Alex Txikonek apustua amaitu bezain pronto hartu behar izan zuen Andorrarako bidea. Hil honen amaieran Himalaia aldera joango da eta bere taldekideekin bilduta egongo da Piriniotan.

Zale ugari eta giro aparta izan zen harmailetan

500 ikusletik gora batu ziren apustua ikustera. Giroa ere aparta izan zen. Bizkaia aldetik ere jende ugari etorri zen, eta zaleek erruz animatu zituzten aizkolariak.

Mendizaleek ere ez zuten hutsik egin

Alex Txikon, aizkolaria izateaz gain, mendizalea ere bada, eta Kanchengjungarako bidean lagun izango dituen gehienak atzo Azpeitian izan ziren. Edurne Pasaban eta Juanito Oiarzabal harmailetan egon ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo