GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Ainara Maia eta Josu Iratzoki Bortzirietako Euskara Mankomunitatea

Ttipi-ttapa Telebistaren etena dela-eta

Azken urteetan Nafarroako Gobernuak, euskararen aldeko jarrerarik eza aski ez eta euskararen aurkako hizkuntza politikari ekin dio buru-belarri, legegintzaldi honetan, Euskarabidearen mozorropean

Ttipi-ttapa fundazioak, joan den urtarrilaren 21ean, telebista emisioa bertan behera uzteko erabakia jakinarazi zuen. Bagenuen Ttipi-ttapa telebistaren zailtasunen berri; bagenekien kinka larrian zela, bertze euskarazko tokiko hedabide anitz bezala, Nafarroako Gobernuko dirulaguntzen murrizketaren ondorioz. Horren harira, telebista programazioa eta lan taldea egokitzeko asmoa azaldu ziguten, bestela ez baitzuten modurik izanen aitzinera egiteko.

Bada, guztiz asaldatu ginen Ttipi-ttapa fundazioak telebistaren emisioa bertan behera uztea bertze erremediorik ez zegoela iragarri zuenean.

Gertaera larria da, sekulako kezka eta ezinegona sorrarazi dizkiguna. Horren aitzinean, honako hau adierazi nahi dugu: Nafarroako Gobernuaren euskararen aurkako hizkuntza politika salatu nahi dugu ozen. Nafarroako Gobernuak, sortu zenetik, inoiz ez du euskararen aldeko jarrera izan, baina azken urteetan, hori aski ez eta euskararen aurkako hizkuntza politikari ekin dio buru-belarri, legegintzaldi honetan, Euskarabidearen mozorropean: lege bidez euskarari eta euskaldunoi ateak itxi, euskararen ezagutza ahal den neurrian oztopatu, hizkuntza paisaiatik euskara ezabatu, euskalgintza ekonomikoki ito... zoritxarrez, adibide anitz ditugu.

Euskarazko hedabideei dagokienez, tokiko hedabideen aurkako erabaki edo oztopoak ez dira atzokoak. Lurreko telebista digitalaren aroa ailegatzear da, eta tokiko hedabideen jarduna arautzeko eta lizentziak banatzeko garaian, gure eskualde osoa tokiko telebista izateko aukerarik gabe geratu zen, bertako telebistak egoera irregular eta ezegonkorrean jardutera kondenatuz. Gainera, hedabideei bideratutako dirulaguntzen murrizketak, %95ekoak, hain zuzen ere, izan du bere lehenbiziko ondorioa, aise aurreikus zitekeena: Ttipi-ttapa Telebistaren etena. Erabaki hori helburu argi batekin hartu dute, euskara eta euskalgintza itotzea alegia, jakina baitzen tamainako murrizketa batek arrisku bizian utziko zituela hainbat tokiko hedabide.

Ttipi-ttapa fundazioari elkartasun mezua helarazi nahi diogu, batetik eta, bertzetik, Bortzirietako herritar eta erakundeei bertako euskarazko hedabideen defentsan aritzeko deia egin nahi diegu. Ttipi-ttapa Telebistak funtzio garrantzitsua betetzen du, herritarrei hurbileko informazioa eta gozamena eskaintzen dizkie, baita euskaraz eskaini ere. Horrez gain, ez dugu ahantzi behar jarduera horren atzean dauden lanpostuak, gure eskualdea krisi ekonomikoaren kolpe latza jasaten ari den honetan. Hala, idatzi honen bidez, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eskaera bideratu nahi die udal erakunde, eragile eta herritarrei:

-Bortziriarrei, Ttipi-ttapa Telebista berriz ere Bortzirietako etxeetan egotea lortu arte, sentsibilizazio, atxikimendu eta salaketa ekimenetan parte har dezaten.

-Euskal herritar guziei eta nafarrei bereziki, euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen, elkarlanerako deia egiten diegu.

Hartara, udal erakunde eta mankomunitateak antzeko adierazpenak adostera gonbidatzen ditugu; Nafarroako Gobernuaren erasoen aitzinean euskararen aldeko jarrera tinko eta bateratua ager dezagun guztiok.

-Tokiko telebisten aferari dagokionez, lurreko telebista digitalaren lizentzien banaketa bidegabea salatzen dugu, eta berehala, euskarazko tokiko telebistak arautzeko pausoak eman daitezela galdegiten dugu. Horretarako abian diren ekimen eta mozioekin bat egiteko konpromisoa hartzen dugu.

(*) Ainara Maia eta Josu Iratzoki, hurrenez hurren, Arantza eta Berako alkateekin batean, Etxalar, Igantzi eta Lesakako alkate Patxiku Irisarri, Iñaki Goienetxe eta Koldo Erkiziak ere sinatzen dute artikulua

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo