TRINKETA
Berezkoen Binakakoa ere jarri da abian
Jon LEUNDA | BAIONA
Berezkoen Buruz Buruko Txapelketa amaitu aurretik hasi da Binakakoa. Bakarkako finala Waltarik eta Ezkurrak hil honen 14an jokatuko dute, eta Binakakoen aurre kanporaketak astelehenean abiatu ziren Donibane Garazin.
Binakako Txapelketa nolakoa izango den ez dago erabat garbi. Martxoaren 16an egingo den aurkezpenean argituko dute hori. Oraingoz aurre kanporaketen egutegia eman da ezagutzera, baita gero jokatuko duten bikoen izenak ere. Aurre kanporaketak, astelehenean hasi ziren Donibane Garazin, eta bertan Biellek eta Ducassouk mendean hartu zituzten Lanbert eta Dermit (40-23).
Irabazleek bigarren kanporaketa astelehenean izango dute eta Donibane Garazin bertan jokatuko dute Alfaroren eta Lazkanoren aurka. Bigarren kanporaketa horretako garaileek, azken neurketa bat jokatu beharko dute Etxeberriren eta Harizmendiren aurka. Hor irabazten duenak jokatuko du txapelketako azkeneko fasea. Azkeneko ligaxka hori bost bikotek jokatuko dute.
Aurre kanporaketako bikote onenarekin batera, Ibarrola-Ozafrain, Larretxea-Ezkurra II.a, Sorhuet-Etxeto eta Waltari-Kurutxari lehiatuko dira. Ligaxka eran jokatuko dute, denak denen aurka. Irabazleak finalerako txartela lortuko du, eta bigarrenak eta hirugarrenak finalerdia jokatuko dute, nahiz eta hori guztia aurkezpen egunean jakin ahal izango den. Ordezkoak ere badaude, eta aurrelarien artean Ezkurra I.a agertzen da. Besteren bat beharko balitz, aurre kanporaketan kanpoan geratutakoren bat hartu beharko litzateke. Atzelarien artean, ez dago ordezkorik, eta hor ere bakarren bat beharko balitz, aurre kanporaketan kanpoan geratutakoren bat hartu beharko litzateke.
Txapelketa honetan hutsunerik nabarmenena Panpi Idiartena da. Belaunean min hartu zuen Lazkanoren aurka, Buruz Burukoan, eta oraindik ez da osatu. Bazirudien ebakuntza egin beharko ziotela, eta horren beharrik izango ez badu ere, ez dago lehiaketa hau jokatzeko moduan.
Txapelketako finala Modernen jokatuko da maiatzaren 3an. Hala ere, aurretik Donibane Garazin, Arrangoitzen eta Garindainen ere izango dira norgehiagokak. Faboritoak aipatzerakoan, iazko txapeldunak agertzen dira, Ibarrola eta Ozafrain. Aurre kanporaketa gainditzeko faboritoak, berriz, Etxeberri eta Harizmendi, eta Alfaro eta Lazkano ere bai. Azken biko hau makina bat partida jokatutakoa da elkarrekin. Plaza librean ere txapel anitz jantzitakoak dira, eta tentuz ibili beharko da beraiekin. Hasteko ordea, astelehenean Bielle eta Ducassou menderatu beharko dituzte Donibane Garazin. Partida erabakigarria Armendaritzen jokatuko da hilaren 15ean.