GARA > Idatzia > > Euskal Herria

EHBFk gorputzaren inguruan askatasunez erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du

Abortua eskubide gisa aitortzea eta despenalizatzea exijituko du Bilgune Feministak Martxoaren 8an. Emakumeek jasaten duten indarkeriari aurre egitea ere euren aldarrietako bat izango da.

p023_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Igandean ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, Euskal Herriko Bilgune Feministak abortuari eskubide izaera aitortzea eta abortuaren despenalizazioa eskatu du. Donostian egindako agerraldian abortuak Estatu espainolean delitu izaten jarraitzen duela nabarmendu zuten elkarte feministako kideek. Eta legeak ezarritako hiru kasuetan ere, osasun sare publikoan eskubide hori eragozten dela ohartarazi zuten, langileen kontzientzia eragozpena aitzakia hartuta. Hala, gainditu beharreko oztopoak asko direla adierazi zuten, horien artean, legalak, ekonomikoak eta «etika zein moralaren erabilera bikoitzak sortzen duen presioa» nabarmenduz.

Beren esanetan, Euskal Emakumeen Eskubide Kartan zehaztutako eskubideak bete daitezen lan egingo dute eta, besteren artean, ondorengoak aipatu zituzten: «Eskubidea, gure identitate sexuala edozein izanda ere sexualitatea askatasunez bizitzeko; eskubidea gure gorputzaren inguruan askatasunez erabakitzeko eta aukeratzeko; eta eskubidea emakumeon beharrei erantzungo dien osasun zerbitzu erabatekoa eta publikoa izateko». Zentzu honetan, ezinbesteko jo zuten abortua despenalizatzea eta abortua libre eta doakoa izatea: «Ama izan edo ez modu askean erabaki ahal izateko doakoa eta gizarte segurantzak babestua izan behar du, eta osasun zentroetan eskubide hori bermatua izan dadin bitartekoak jarri behar dira».

Baina, horiez gain, beste aldarrikapen batzuk ere oinarrizko jo zituzten, besteak beste, sexualitatea eta amatasuna bereiztea eta heziketa sexual integrala bultzatzea. «Eredu heterosexista alboratu eta soilik antisorgailuei buruzko informazioa emateari utzi eta sexu harreman anitz eta askeak sortzeko tresna izan behar du heziketak».

Madrilgo Gobernua lantzen ari den lege proposamenaren inguruan, gomendioak baino ez direla eta horiek parlamentuak onartu behar dituela gogorarazi zuten; «lan zaila, eskuina eta Eliza Katolikoa erasoaldia gogortzen ari diren honetan». Hala ere, proposatzen ari diren epekako legearen gainean honakoa uste dute: «Eskubideei ezin zaie eperik jarri; abortu librea gure eskubidea da».

Aborturen inguruko aldarrikapenez gain, bestelako kezkak ere agertu zituzten, «emakumeak bigarren mailako hiritar izaten jarraitzen» baitu, nahiz eta «azken urteetan `aldaketa' eman dela esaten diguten». Alde horretatik, azkenaldian indarkeria kasu eta eraso larri asko izan dela gogora ekarri zuten eta nabarmendu egin zuten, oraindik orain ezezaguna dela María Puy Perezen paraderoa. «Eskubidea dugu emakume izateagatik gure kontrako biolentziarik ez jasateko», adierazi zuten.

krisia

Bilgune Feministaren iritziz, «sistemaren krisitzat jotzen dugun honetan beste behin ere emakumeak izango dira kaltetuenak eta ahaztuenak, eurak baitira ekonomia ezkutuan eta lanpostu prekarioetan aritzen direnak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo