Gorka Elustondoren orkatila huts egiten ari da berriz
Beasaingo erdilaria asteburu honetan jokatzekoa zen berez. Sei hilabetean hirugarren aldiz lesionatu da.
GARA | DONOSTIA
Gorka Elustondok denboraldi hasieran maila itxurosoa eman bazuen ere, orain buruko mina baizik ez du sortzen bere izena aipatze hutsak. Irailean ezkerreko orkatila bihurritu zuen eta, ia sei hilabeteren buruan, zaintiratu soila zena, osteokondritis bat bihurtu zen, amaierarik gabeko tunel itxura hartuta.
Asteburu honetan berriro ere debuta egiteko aukerak zituen erdilari beasaindarrak, baina atzoko entrenamenduan bere orkatila malapartatu horrek ostera ere huts egin zion. Saioari ekin eta hamar minuturen buruan jarraitu ezinik geratu zen jokalaria. Talde donostiarreko medikuek ez zuten beasaindarraren lesioaren gaineko informazio handirik eman; jarritako tratamenduari Elustondok zer-nola erantzuten dion ikustea beste erremediorik ez dago.
Erdilari gipuzkoarra ez da, alabaina, txuri-urdinen arteko baja bakarra. Imanol Agirretxe ere ez zen atzoko lansaioan aritu. Amigdalitis batek jota ohean geratu behar izan zuen Usurbilgo aurrelariak, eta Realeko sendagileek adierazitakoaren arabera, Agirretxek hurrengo egunetan izango duen bilakabideari begiratu beharko zaio, Ligako partidan jokatzeko aukerarik izango duen ala ez argitzeko. Bestetik, Eñaut Zubikarai atezainak ere ez zuen atzoko entrenamenduan parte hartu, ezkerreko izterrean gainkarga zuela-eta. Hala ere, atezain ondarroarra gaurko lansaioan normaltasunez arituko den itxaropena agertu zuten medikuek. Azkenik, esan behar Sebastian Abreuk atzo arazorik gabe hartu zuela parte entrenamenduan, azken egunetako gainkargak atzean laga ostean.
Bolada on baten hasierarantz
Azken hiru neurketak galdu ostean, txuri-urdinek «bolada txarrari amaiera jarri» nahi diotela adierazi zuen Xabi Prietok, entrenamendu osteko prentsaurrekoan.
Berez, horretarako aurkari nahiko egokia dute donostiarrek; izan ere, Sevilla Atletico izango baita asteburuan Anoeta bisitatuko duena. Talde andaluziarrak aurtengo Ligan neurketa bakarra irabazi du, 26 jardunaldiren ostean; hain zuzen ere, Realaren aurkakoa. Hala, aurkariaren ustezko ahultasun hori ikusita, «bolada on baten hasierarantz» abiatu nahi du talde donostiarrak, Prietoren hitzetan.
«Gauden egoera ikusita, ez dago partida hau ez irabazteko aitzakiarik. Bolada on baten hasierara joan behar dugu. Ezin dugu pentsatu aurkaria hau edo bestea izango denik, puntuak etxean geratu behar direla baino».
Azken emaitzak txarrak izan badira ere, erdilari donostiarraren iritziz, berriro ere goiko postuetara hurbiltzeko aukerak badira: «Egia da denbora agortzen ari dela eta ezin dugula huts gehiago egin, baina kide guztiok geure baitan ikusten dugu aukera hori badagoela».
Azkenik, entrenatzailearen egoera zailari buruz ere galdetu zioten Prietori, eta honakoa erantzun zuen: «Garaipena lortuz gero, gure entrenatzaileari lagunduko genioke. Berak gure alde aurpegia eman du beti, eta gure ustez bera da egoera honi buelta emateko entrenatzailerik egokiena».
Marcosek, bestalde, igandean jarraitzaileei «garaipen bat oparitzea» zuen buruan. «Partida bakoitzean topera atera behar dugu. Oraindik badago astirik eta zernahi gerta daiteke, baina asteburu honetako norgehiagoka irabaztea izan behar dugu lehenik gogoan. Lehen itzulian Sevilla Atleticoren aurka galdu egin genuen; orain, berriz, beraiei dagokie gure aurka galtzea».
Marcosen aburuz, liga amaitzeko oraindik asko falta da, eta aurreneko postuetan dauden taldeek erritmo horretan jarraituko duten ikusteko dagoela gaineratu zuen. «Guk ere bolada on bat hartu eta berriro gora egin dezakegu. Gauza asko alda daitezke, baina oraingoz geure lanari baino ez diogu begiratu behar».
Nahiz eta taldeak azken hiru neurketak jarraian galdu, Xabi Prietok ez du Juanma Lillorengan itxaropena galdu. «Gure alde aurpegia eman du beti, eta gure ustez bera da egoera honi buelta emateko entrenatzailerik egokiena».
Bihar, 17.00etatik aurrera jarriko dira salgai Reala eta Sevilla Bren neurketako sarrerak. Salneurria, 25 eurotik 50era artekoa. Urritasun fisikoren bat dutenek, 25 euroren truk lor ditzakete eta 15 urtetik beherakoek, 5 euroan.