GARA > Idatzia > > Kultura

Musika, dantza, antzerkia eta zinema, Lau Xorien hegaldia

Euskal Herriko eta kanpoko adierazpen egunen jaialdia den Bi Harriz Lau Xori martxoaren 18tik 22ra ospatuko da. Jaialdiaren izpirituari jarraiki, ikuspegi artistiko anitz eta berritzaileak aurkeztuko dira.
p049_f02_149x89.jpg

Idoia ERASO | BIARRITZ

«Gure ikuskizuna ez da ohikoa, jaialdian bezala artearen eremu ezberdinak elkartzen ditugu», azaldu zuen Oreka TX taldeko Harkaitz Martinezek taldearen biraren azken emanaldiaren lekuko izango den jaialdia ere definituz. Bi Harriz Lau Xori jaialdian musika, dantza, antzerki eta zinema garaikidea, baita ipuin kontaketa ere, tradizioari keinu eginez elkartuko dira Lapurdiko hirian, zeharka-meharka euskal artearen ikuspegi berritzaileak aurkezteko.

Koldo Amestoy eta Pantxix Bidarten «Aneta Bokaleko» ipuinarekin hasiko da jaialdia, martxoaren 18an. Biharamunean Mizel Theret dantzari eta koreografoaren «Dorrea» bakarkako dantza garaikidearen txanda izango da. Nomadak TXen biraren amaierako kontzertua izango da jaialdiko musika emanaldi nagusia, txalapartarien eta beren nazioarteko lagunen eskutik.

Larunbata egun handia izango dute Biarritzeko Lau Xoriek. Goizetik hasiko dira animazioak Asier Zabaleta koreografoaren «Bihar jaio nintzen» lanarekin, Bellevue plazan. Arratsaldean 1980ko hamarkadan Antton Ezeizak egindako «Ikuska» dokumentalen aukeraketa bat eskainiko dute hiriko Mediatekan. Azkenik, Lagunarte konpainiak ezkilaren errepresentazio musikatua den «Dong» ikuskizuna antzeztuko du.

Hiru antzerki talde amateur zuzenduz Ander Lipusek garatu Piarres Larzabalen «Ibañeta» lanaren antzezpenak emango dio bukaera jaialdiari.

Zaharretik garaikidera

Babelekoan bezala, Mizel Theretek aurkeztuko duen «Dorrea» dantza ikuskizunean, hizkuntza eta, ondorioz, kultura ezberdinen arteko erlazioak agertzen dira. «Nire baitan bi identitate ditut, euskal kultura oso neurea dut, baina frantsesa ere bai, ikasketak hizkuntza horretan egin nituelako. Lan honetan miatu dut zer harreman dudan bi kulturekin», esan zuen koreografoak obra berriaren nondik norakoak azaltzeko.

Dantza garaikidearen irakurketa berezia proposatzen du bestalde Asier Zabaletak: «Egia ote da ohiturak iragana baizik adieraz ez lezakeela? Eta dantza garaikideak etorkizuna besterik ez?». Galdera horiei erantzun nahian «Bihar jaio nintzen» lana aurkeztuko dute dantzariek.

Frankismotik irten berri zen gizartearen argazki soziala eta kulturala egin zuen «Ikuska» dokumental sailaren aukeraketa bat aurkeztuko da jaialdian. Digitalizatu berri diren Antton Ezeizaren 21 dokumentaletatik gai oso ezberdinak jorratzen dituzten sei film eskainiko dira.

«Dong», onomatopeia hori abiapuntutzat hartuz, ezkilaren inguruko bidaia modukoa da ikuskizuna. Sei metroko diametroko ezkila zazpi metroko altuerara igoko du Lagunarte taldeak, ikuskizun musikatu horretan. Kanpaiaren istorioa kontatzen da, zenbait pertsonen testigantzekin eta zeharkako diziplinen bidez, musikarekin batera dantzak ere bere tokia izango baitu, ezkilaren hots artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo