GARA > Idatzia > > Kultura

Euskal Irratien laguntzarekin, bultzada eman nahi zaio aurtengo Haur Kantu Txapelketari

Euskal Irratiekin elkartu da aurten Euskal Kantuzaleen Elkartea Haur Kantu Txapelketa antolatzeko. Martxoaren 29an Izpuran egingo den Nafarroa Behereko finalerdia izango du abiapuntu.

p050_f01_147x100.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Haur Kantu Txapelketarako finalerdiak abiatuko dira ondoko martxoaren 29tik goiti. Euskal Irratiekin elkarlanean, Euskal Kantuzaleen elkarteak aurtengo edizioari indar berria eman nahi dio. Haur Kantu Txapelketak historia luzea badu ere, azken hogei urteotan areagotu da ekitaldiaren arrakasta. Baina, Jean Louis Errotabehere elkarteko ordezkariak argitu zuenez, 2002az geroztik gurasoen parte hartzea txikitzen joan da. «Txapelketa antolatzeko arazoak izan ditugu azken urteotan, gurasoen parte-hartzea murriztu delako. Guraso belaunaldi berriak kontsumitzailearen jarreraz hurbiltzen dira txapelketara eta ez parte hartzeko», argitu zuen.

Euskal Irratien sostenguarekin, bi urtetik behin egiten den Haur Kantu Txapelketa, berriz ere, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan lekutuko da. Martxoaren 29an Nafarroa Behereko finalerdiarekin hasi ondoren, Lapurdikoak jarraituko dio apirilaren 5ean Luhuson, eta, apirilaren 19an bukatuko da Maulen Zuberoakoarekin. Hiru lehiaketa horietatik aterako diren abeslari onenak ekainaren 14an Barakaldon egingo den finalean parte hartzeko aukera izango dute.

Aurkezpenean, Miren Duhart, duela hamabi urte lehiaketa irabazi zuen gazteak, bere esperientziaren berri eman zuen, eta oso oroitzapen ona atxiki zuela nabarmendu zuen. «Izugarri maitatu nuen txapelketan parte hartzea. Plazer handia izan nuen beste haurrekin kantuz hartzea», adierazi zuen.

Maila pertsonalean ere bizipen onuragarria izan zela esan zuen jarraian. «Boza lantzeko aukera izan dut, eta Maialen Errotabehererekin batera musika munduko jende asko ezagutzeko aukera izan dut», gaineratu eta egun, kantua, ahal duen neurrian, lantzen jarraitzen duela esan zuen.

Artista berriak

Miren Duharteren mintzaldiak gaur egun artisten munduan lehiaketa horrek duen garrantzia agerian utzi zuen. «Egungo Ipar Euskal Herriko artista gehienak Haur Kantu Txapelketan parte hartutakoak dira», adierazi zuen Gilles Haranek.

Finalerdi bakoitzean bakarka, binaka edo taldeko mailetan bi onenak izango dira sarituak. Horrenbestez, Euskal Irratiak elkarteko arduradun Gilles Haranek txapelketan izena emateko epeak gogorarazi zituen. Horrela, Nafarroa Behereari dagokionez martxoaren 16an bukatuko da epea, Lapurdin, martxoaren 23an eta, apirilaren 6an, Zuberoako haurrentzat. Txapelketan sei eta hamabost urte arteko haurrek har dezakete parte.

Hamabi sari

Finalerdi bakoitzeko hiru sari banatuko dira aurtengo edizioan. Horrela, bakarkako, binakako eta taldekako sailetan bi lehenak izango dira sarituak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo