Hiru kontzertu eta mintzaldi bat, Donostian ospatuko den «Iparraldea bertan!» zikloan
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Martxoko ostegunak Ipar Euskal Herriari eskainita egongo dira Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Gaurtik hasita, «Iparraldea bertan!» zikloaren 8. edizioa ospatuko baita bertan. Patrice Dumorak eskainiko du, gaur arratsaldean, 19.30etik aurrera, aurtengo lehenengo kontzertua. Akelarre taldeko abeslari izandakoak, disko berria kaleratu du hamar urtez isilik egon ondoren. Pop-rock akustiko estiloko lan minimalista da, bi gitarraz eta bateriaz lagunduta. Gaurkoan, Nat Cazarre eta Zedrik Ilhardoy izango ditu lagun. Hurrengo hitzordua datorren ostegunean izango da, martxoaren 12an. Ordu berean, Janbattitt Dirassarrek mintzaldia eskainiko du. Dirassar hazpandarra, ohorezko euskaltzain eta bi libururen idazle izateaz gain, «Herria» astekariaren zuzendaria ere bada. Pantxoa Etchegoin, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariaren galderei erantzunez, azken 50 urteotan Ipar Euskal Herriak izan dituen aldaketak aztertuko ditu.
Hurrengo asteko saioa asteazkenera aurreratu da, osteguna jai eguna dela-eta. Martxoaren 18an, beraz, Otxalde taldeak bere laugarren diskoa aurkeztuko du: «Ameslari». Orain dela 30 urte sortutako taldeak bi belaunaldi batzen ditu, Beñat Eiherabide sortzailearen esanetan: «Talde amateurra izan da beti. Musika plazera da guretzat, asteburuetako plazera». Eiherabideren etxeko sukaldean grabatu dute 13 kantu biltzen dituen lana.
Eta zikloa ixteko, Pier-Paul Berzaitz zuberotarraren emanaldia izango da martxoaren 26an. Arnaud Oihenart XVII. mendeko poetak gaztaroan idatzi olerkiekin osatutako disko berria aurkeztuko du, Karlos Gimenez, Txema Garces, Xanet Arozena eta Francisco Herrero musikariekin batera.