GARA > Idatzia > > Kultura

Baigorriko Kulturaldiak ekintzak antolatu ditu urteurrena ospatzeko

I.E. | BAIGORRI

Apirilaren 26an Nafarroaren Egunarekin bukatuko den Kulturaldiak gastronomia eta musika izango ditu protagonista nagusi. 30 urte betetzen ditu ekimenak, eta urteurrenarekin «oinarrian zegoen asmora itzultzeko nahia dugu, hau da, Nafarroaren bi aldeak elkartzea» azaldu zuen antolakuntzaz arduratzen den Basaizea elkarteko lehendakari Argia Olcomendyk.

Hiru ekimen nagusi egingo dira apirilean zehar, bai Nafarroa Beherean eta bai Nafarroa Garaian. Lehenak, apirilaren 4an, gastronomiarekin du lotura. Idoki merkatua izango da Baigorriko plazan, goizeko zortzietatik aurrera eta gauean afaria egingo da. Baigorri eskualdeko lau sukaldari tokiko laborariekin elkartuko dira afaria eskaintzeko.

Musikaldia

Apirilaren 19an, Nafarroari kantaldia eskainiko diote Elizondoko Lur dantzalekuan. Nafarroa osoko 30 kantari inguruk kantatuko dute. Besteren artean Erramun Martikorena, Petti, Aire ahizpak eta Kattalin Indaburu izango dira. Horrez gain, «Betiko doinuen haritik» musikaldia egingo da apirilaren 25ean, Baigorriko elizan, eta bertan Tolosako Et Incarnatus ganbera orkestrak, Eltzegor taldeak eta Baigorri eta Iruñeko gaitariek parte hartuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo