XVI. Jardunaldi pedagogikoak aurkeztu dituzte, «Hausnartu eta ekin» goiburupean
Zuriñe ETXEBERRIA |
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak, «Hausnartu eta ekin» izenburupean, XVI. Jardunaldi pedagogikoak aurkeztu zituen atzoko prentsa agerraldian. «Gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaz» arituko dira datorren martxoaren 10, 11 eta 12an Gasteizko Europa kongresu eta erakusketa jauregian.
Konfederazioko prestakuntza zuzendari Manu Aurrekoetxeak azaldu zuenez, «2005etik aurrera Europa mailan hezkuntzaren bestelako ikuskera bateranzko bultzada indartsu bat agertu da: gaitasunetan oinarritutakoa», hain zuzen ere. Jardunaldi hauek «barne lanketa baten beste pauso bat» dira eta bi zutabe nagusiren barruan kokatzen direla nabarmendu zuen Aurrekoetxeak, «hausnartu», eta bereziki, «ekin».
Esperientzia trukea
«Esfortzua egin dugu erreferentziazko adituak ekartzeko» adierazi zuen Manu Aurrekoetxeak. Izan ere, Europatik, Genevako Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Phillippe Perrenoud eta Christine Helot, Estrasburgoko Unibertsitateko irakaslea, izango dira Ikastolen XVI. Jardunaldi Pedagogiko hauetan, Galiziako eta Kataluniako beste hainbat adituren artean.
Euskal Herritik ere, «bereziki, `ekin'ari lotuta» esperientzia ugari aditzeko parada izango da datorren martxoaren 10etik 12ra. Hain zuzen, 26 ikastolatako esperientziak izango dira ikusgai euskarri ezberdinetan Europa Jauregian.
Jardunaldi pedagogikoetan, hiru egunetan zehar, landuko diren gaiei dagokienez, «hausnarketa»rekin lotura dutenak eta, bestetik, «ekina»rekin lotura izango direla iragarri zuten atzokoan.
Maila guztietako irakasleei zuzendutako jardunaldiak dira hauek. «Adin guztiei eta hezkuntza sektore osoari» begirakoak direla adierazi zuen Aurrekoetxeak.
Jardunaldietako koordinatzaile Belen Baztarrikak hiru egun beteko dituen egitarau zabala aurkeztu zuen. Berrikuntza gisa, esperientziak hainbat euskarritan eskainiko dira, hala nola panelen bidez. Esperientziak era grafiko batean azaltzen saiatuko direla esan zuen Baztarrikak. Bideo proiekzioak ere izango dira ikusgai.
Ikastoletan izandako esperientzia ezberdinak partekatzea helburu, datorren astetik aurrera www.gureikastola.net webgunearen bitartez, «ikas leiho» bat sortuko da, hots, esperientziak webgunean jarri eta partekatzeko bide bat.
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren zuzendari Koldo Tellituk euskal kulturaren eta jardunaldi hauen arteko «lotura» nabarmendu zuen prentsa agerraldian. Euskal Curriculumaren ardatzak, ikas arloak baino, «hezkuntza gaitasunak» direla gogorarazi zuen Koldo Tellituk.
Egungo erronken artean, Euskal Curriculuma «egunez egun», ikastetxeetan martxan jartzeko konpromisoa berretsi zuen EHIK-ko lehendakariak. «Profesional ekintzaile eta hausnartzaile» izaten ikasi egiten delako, EHIKaren konpromisoa aldarrikatu zuen Tellituk.