Errusiarekin zuen harremanari berriz helduko diola iragarriko du gaur NATOk
Hitz potoloak erabili zituen NATOk iazko abuztuan, Georgiako gerran, Errusiaren «erasoa» salatzeko. Moskurekin zituen harremanak etetea ere erabaki zuen. Sei hilabeteren buruan, atzera egin behar izan du, ordea, Aliantza militarrak. Europa Mendebaldeko aliaturik pisutsuenek hasieratik ez zuten begi onez ikusi erabakia. Etxe Zurira iritsi berri den Barack Obamak ere Errusiarekin harremanak samurtzea du helburu. Beraz, ia denak pozik, batez ere Kremlinen.
GARA |
Sei hilabete igaro dira, Georgiako gerraren ondorioz, NATOk Errusiarekin zeraman elkarlana etetea erabaki zuenetik. Gaur bertan, Kanpo Arazoetako ministroek Bruselan egingo duten bilkuraren ondoren, aliatuek berriz helduko diete harremanei. Hala ere, eta erabakiaren gordintasuna baretu nahian edo, NATOk Ukrainiarekin eta Georgiarekin dituen loturen garrantzia nabarmentzeko asmoa dute bildutakoek.
Izan ere, azken aipamen horretan datza aliatuen artean adostutako konpromisoaren bigarren ardatza. Konpromiso horren arabera, Atzerri ministroek NATO eta Errusiaren arteko gailur berezia antolatu ahal izango dute. Baina, bide batez eta egun berberean, azken momentuan, NATO-Ukrainia eta NATO-Georgia batzordeak biltzeko erabakia hartu dute.
Aipatu bi errepubliketako Gobernuek NATOn sartzeko asmoa dute. Errusiak ez du inolaz ere onartzen Mendebaldearen aliatuak harrikada batera izatea, eta bi herrialde horien aurkako presioa areagotu egin du, eskura dituen baliabide guztiak, militar nahiz ekonomikoak, erabiliz.
Erdibide salomoniko honekin, NATOk irudi bateratzailea agertu ahal izan du, Errusiarekin berriz elkarlanean ekitearen aldekoen eta aurkakoen jarrerak kontuan hartuz.
NATOk Errusiarekin harremanak etetea erabaki zuen iazko abuztuaren 19an, Georgiako «Bost Eguneko Gerra» amaitu eta egun gutxira.
Gerra hura Georgiak hasi bazuen ere -Hego Osetiaren aurkako erasoaldiarekin-, NATOren iritziz Moskuko erantzuna «neurrigabekoa» izan zen. NATOk kide amorratua duen Mijail Saakhasvili Georgiako presidenteak ez zuen bere indarren eta Errusiako Armadaren arteko proportzionaltasunik eza kontuan hartu erasotzera dei egin zuenean.
Guztiz aurreikusita zegoen Errusiaren garaipen militarra, garaipen geopolitiko bihurtu zuen Moskuk. Handik hilabete gutxira, NATOk dei egin zion bere ordezkari nagusiari, Jaap de Hoop Scheferri, apurka-apurka saia zedin Errusiarekiko harremanak lehengoratzen. Agindutakoa bete zuen horrek, eta gaur ikusiko dira emaitzak.
Aliatuen artean tirabirak
Hasiera-hasieratik, NATOko kideen artean gehiengoa Errusiarekin harremanak berreskuratzearen alde agertu zen.
Italiaren eta Estatu frantsesaren eta espainolaren iritziz -Britainia Handiak ere bat egin zuen- NATOk bere buruari harriak jaurtitzen zizkion Moskurekin zituen loturak eteteko erabakiarekin. Aldiz, bere garaian Sobietar Batasunaren menpean egon ziren eta egun Errusiarekin muga egiten duten hainbat aliaturen ustez -Baltikoko errepublikak, Polonia eta Txekiar Errepublika tartean-, goizegi zen Moskurekin berradiskidetzeko, are gehiago Errusiak Hego Osetian eta Abjazian tropak eta base militarrak mantentzeko asmoa agertu eta gero.
Obamaren etorrera
Hala ere, NATOren barnean konpromiso hori hartzeko benetako bultzada Ameriketako Estatu Batuek eman dute.
Barack Obama presidente berriak Errusiarekin harreman xamurragoak nahi ditu. Baina Administrazio berriak, era berean, tinko agertu nahi du «Errusiak bere inguruko herrialdeei egiten dizkien mehatxuen aurrean».
Tirabira diplomatiko honetan kokatu behar da, beraz, erabaki honen nondik norakoa.
Bitartean, eta Ukrainiaren eta Georgiaren aurrean egindako keinuak gorabehera, Errusiak poza agertu du NATOren erabakia dela-eta. Apirilaren hasierarako iragarrita dagoen NATOren gailurraren aurretik, NATO-Errusia Kontseilua biltzea proposatu du.
Hasteko, bihar bertan biltzekoak dira Genevan AEBetako eta Errusiako Kanpo Arazoetako ministroak, Hillary Clinton eta Sergei Lavrov.
Bi aldeek bileraren helburutzat dute Bushen aroan okertu ziren harremanak hobetzea. Interes komunak ere badituzte, behintzat, Afganistango talibanei dagokienez.
Nolanahi ere, ostiraleko bilkurak oihartzun handia izan badu ere, lehen urratsa baino ez dela izango ohartarazi dute adituek.
Moskuko Gobernuak pozik hartu du iragarpena eta prest agertu da NATO-Errusia Kontseilua biltzeko, ahal bada, aliatuek apirilaren hasieran egingo duten gailurra baino lehenago.
Barack Obama AEBtako Presidentzia eskuratu zuenetik, NATOk Errusiarekin dituen harremanak biziki hobetu dira. Munduko beste toki batzutan aritzeko, Moskurekin lixkarra konpondu nahi du Obamak.