GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Tortura: hipotesiak eta egitateak

Demagun, hipotesi gisa, eta ez polizia filtrazio edo intoxikazio amarru baten ondorioz, Estatu frantsesean atxilotutako ETAko kide bati txosten bat atzeman diotela, non bere militanteei esaten dien «beti salatu torturak», edo antzeko zerbait. Demagun txostenaren itzultzailea, Madrilgo epaitegietan nagusi den «euskararen zazpigarren euskalkiaren» hiztuna, ez dela ohartu gainerako euskalkietan «torturak» mugatu plurala dela eta «jasandakoei» erreferentzia egiten diola. Inferitu dezagun hortik honezkero gezur nabarmena dena egia dela, eta euskal atxilotuek beti eta arrazoiz edo arrazoirik gabe, torturak salatzen dituztela -nahiz eta datuek kontrakoa esan, badelako torturarik salatzen ez duen atxiloturik eta, bide batez, esan behar da horrek ez dituela hauek besterik gabe kalean uzten, salaketarik ezean ETAkoak ez direlakoan-. Beraz, hipotesiaren arabera, torturak sistematikoki salatzea agindua denez, bere horretan ez diegu kasurik egin behar. Nolanahi ere, hipotesi hau kontuan hartuz gero, espainiar Gobernuak eta bereziki Barne Ministerioak torturak sistematikoki ukatzen dituztela ere gaineratu behar da. Hartara, hipotesi honen arabera -aipatutako kontraesanei kasu ez egitea askotxo bada ere-, tortura kasuetan ez zaie ez salaketei ez hauen ukazioei erreparatu behar. Borobiltzeko, utz ditzagun albo batera geure ezagutza eta Euskal Herriaren historia bera ere.

Orain, azter ditzagun egitateak. Ez Portu eta Sarasolaren kasua, hor hain dira-eta nabarmenak, espainiar juje batek ere onartu egin dituela. Auzi honetan egitate nagusia da inkomunikazioak ahalbidetzen duela tortura eta salaketa faltsuak ekiditeko zein benetakoak zigortzeko inkomunikazioa baztertzea besterik ez dutela. Eta horren ardura ez da etakideena, ezta gainontzeko atxilotuena ere, politikari, epaile eta poliziaburuena baizik. Beraiek dute, halaber, torturen erantzukizun nagusia.

Tortura ez da, ez, polizia jakin batek hartzen duen erabakia. Tortura politikoki baimendu eta judizialki babesten da. Areago, Estatu espainolean tortura saritu egiten da. Eta hau ez da hipotesia. Egitate hutsa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo