Lander Garro idazlea
Hauteskundeen ondoren
Atzetik sartzen dira labanak egunotan. Gutxien espero duzunean, hortxe duzu punta zorrotza, azala, giharrak eta hezurrak zeharkatuz. Lagunek lagunei, arerioek arerioei: berdin dio. Neurria galdu dute. Urperatzera doan ontzitik ihes egin nahi duten bidaiari desesperatuak dira: bide zibilizatuak agortuta, hurkoari hatza begian sartzen diote, ontziaren sabeletik salto egiteko premiaz. Entzuten dituzue hiena horien txilioak? Aztoratuta dabiltza! Zaila da gore tankerako film honetatik ihes egitea, toki guztietan daude, irrati, telebista, egunkari guztietan. Eta eredu bilakatzen ari dira. Atzo, adibidez, arraina erostera joan nintzen azokara. Ijurkoren arraindegian erosten dut normalean. Diruaren txintxina aspaldi entzun gabe dabiltza hauek ere, beti aieneka. «Egun osoa hemen eman ondoren arraina botatzea, ba al dakizu zer den hori?», galdetu zidan beste egunean Mari Carmenek, saltzaileak. «Ez dakit, ez». Atzokoan, ordea, urrundik ikusi nuen erosle mordoa zegoela betiko postuan.
Gerturatzean, handi-handian ikusi nituen prezioak: Legatza 1,90, Zapoa 3,80... Arraina oparitzen ari ziren, alajaina! Egunero bezala zenbakia hartzera joan nintzen, baina jada ez zen bakar bat gelditzen. Han, aurrean, eztabaidan hasi ziren, nor ote zen lehena, nor ote zen hurrena, nor ote zen azkena. Mari Carmenek lasaitzeko eskatu zien: «Badago denontzako!». Une batez apaldu ziren oihuak, baina segituan ekin zioten berriz. Esku bat ikusi nuen airean, zaplastako baten hotsa, beste eskua, oihuak. Bultzaka hasi ziren. Atzera egin nuen. Mari Carmenek barrutik besoak luzatu zituen arraina babesteko. Alferrik. Bat eta beste eramaten hasi ziren. Irudia ezaguna egin zitzaidan: azken egunotan etengabe ikusten dut.