Atez ateko bilketa martxoaren 16an jarriko da abian Usurbilen
Urte eta erdiko eztabaida zabalaren ostean Udalak jarri du atez ateko bilketa abiatzeko eguna. Ohiturak aldatzea beharrezkoa izango bada ere, arduradunak ziur daude hau dela sistemarik aproposena.Maider EIZMENDI |
Martxoaren 16an, goizeko 8.30ean, abiatuko dira lehenengoz atez ateko bilketarako bideratu diren pertsona eta bitartekoak Usurbilgo kaleetan barrena bizilagunek utzitako hondakinak batzera. Egun horretan zati organikoa jasoko dute, orain arte bereiztu gabe jaso izan dena.
Agerraldian izan ziren San Markos Mankomunitateko lehendakaria, Ricardo Ortega, eta lehendakariordea, Imanol Azpiroz, atez ateko bilketaren proiektuaren gidaritza izan duen Jordi Colomer, Udaleko Ingurumen eta Nekazaritzako teknikaria, Izaskun Txintxurreta eta Usurbilgo alkatea, Xabier Mikel Errekondo.
Azken honek nabarmendu egin zuen herritarrek proiektua hau bultzatzeko izan duten interesa eta inplikazioa. Izan ere, eztabaida parte-hartzaile sakona egin dute sistemaren ezaugarriak finkatzeko. Horregatik, orain egun batzuk sistemaren aurka agertu ziren herritarrei buruz esan zuen ezinezkoa dela herritarren %100era iristea, eta uste duela ohitura aldaketaren aurrean duten beldurrak eragin duela kontrakotasuna.
Izan ere, Errekondoren hitzetan atez ateko bilketa da zaborren arazoari aurre egiteko sistemarik egokiena, aldi berean, ingurumen eta osasun zaintza ere bermatzen dituelako. «Gaur egungo sistemak lehengaiak hondakin bilakatzen ditu, nahastuta; organikoa ez da biltzen eta zabortegi kutsakorrak edota errausketa bultzatzen ditu, eta hori ez da soluzioa», azaldu zuen. Atez ateko sistemarekin, ordea, «osasuna eta ingurumena zaintzen dira, hondakinak lehengai bilakatzen dira eta birziklatze tasak gora egiten du».
Gainera, ekonomikoki eta baliabide aldetik bideragarria dela gogora ekarri zuen, «beste leku batzuetan horrela dela frogatu delako».
Errekondok ez zituen eskertu gabe utzi nahi izan Udalak prozesu honetan bidelagun izan dituenak eta bereziki aipatu zituen San Markos Mankomunitatea, sostengua eman dieten makina bat herri, eta, noski, herritarrak.
Halaber, nabarmendu zuen Usurbilek aitzindaritza lanak egiten baditu ere, atzetik beste herri batzuek ere abiatu beharko dutela sistema bera eta horrela, «errauste plantaren zentzugabetasuna agerian» geratuko dela.
Ortegak ere hitza hartu, eta martxoaren 16an «aro berri bati hasiera» emango zaiola adierazi zuen. San Markos Mankomunitatearen erronka nagusietako bat gaikako bilketa dela, eta hori egikaritzeko modurik hoberena atez ateko bilketa dela ohartarazi zuen.
Hori horrela den uste osoz izenpetu zuten Usurbilgo Udalarekin bitartekoak jartzeko hitzarmena, eta bide berean lan egin nahi duten gainerako herriei ere eskua luzatu zien. «Badakigu beste herri batzuk begira daudela eta guk lan egingo dugu Usurbil lehen herria bai, baina azkena izan ez dadin».
Egun horretan hondakinak biltzeko kalean dauden ontziak erretiratuko dituzte. Herritarrak zaborra bereiztu beharko dute eta 16an hasiko dira hura biltzen.