«Ingelesaren aitzakiarekin euskara alboratu nahi dute»
Eskolak Euskaldunduk antolatutako manifestazioa gaur arratsaldeko seietan abiatuko da Iruñeko autobus geltoki zaharretik, «Iruzurrei aurre egin! Eskolak euskaldundu behar du!» lelopean. Nestor Martinez bozeramaileak Nafarroako Gobernuak euskara eskoletatik baztertu nahi duela ohartarazi du.
Asier VELEZ DE MENDIZABAL |
Nestor Martinez Eskolak Euskaldundu herri ekimeneko bozeramaileak argi du Nafarroan euskararen irakaskuntza sustatzeko benetako aldaketak behar direla. Perez-Nievas buru duen Hezkuntza Departamentuaren «iruzurren» aurrean, egoera hori salatzeko gaur arratsaldean Iruñean izanen den manifestaziora joateko deia egin du.
Nafarroako eskoletan euskararen egoera hain larria izanik, manifestazio bat egin beharra zegoela erabaki duzue.
Bai. Euskal Herrian hiru ikasletatik bakarra euskalduntzen da, eta Nafarroari so eginda, portzentajea txikitu egiten da; bost ikasletatik bakarra euskalduntzen du eskolak. Argi dugu euskara mantentzeko eskolak duen garrantzia izugarria dela eta, horri esker, azken 30 urteotan euskaldun kopurua hazi egin dela, baina, hala ere, guk uste dugu egoera hau irauli egin behar dela eta, zentzu horretan, ikasleen %100 euskalduntzea nahitaezkotzat jotzen dugu.
Zein eragile eta kolektibok osatzen duzue Eskolak Euskaldundu herri ekimena?
Eskolak Euskaldundu herri ekimenean euskalgintza munduan lan egiten duten eragile aunitzek parte hartzen dute. Hala ere, auzoetako plataformek eta, oro har, euskararen sustapenean ari diren kolektibo nahiz sindikatuek ateak zabalik dituzte.
Joan den astean Perez-Nievas Hezkuntza Saileko buruak datorren ikasturterako hizkuntza ereduak aurkeztu zituen. Lehen Hezkuntzan, D ereduan ingelesezko eskolek orduen %30 hartuko dute, eta A eta G ereduetan, berriz, %40. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Bestelakoa esaten duten arren, argi dago ingelesa txertatzeko aitzakiarekin euskara alboratu nahi dutela. Azken batean, ordu banaketa berri horretan, euskara izanen da dudarik gabe hizkuntza kaltetuena. Orain arte euskaldun eleanitzak sortzeko bidean hain ondo funtzionatu duen murgiltze-eredua izorratu nahi dute euskarari orduak kenduz. Eredu linguistiko berri horrekin euskarazko ordu gutxi batzuk gehiago dituen A motako bat bihurtuko da D eredua. Garapenaren eta eleaniztasunaren izenean saldu nahi dituzten ingelesezko eredu horiek euskarazko hezkuntzari trabak jartzea dute helburu.
Zer nolako egoera dute euskaltegiek? Krisi ekonomikoa gogorra dugun honetan, administrazioak laguntzak ematen al dizkie euskaltegiei?
Ez. Hezkuntza sistemak ez du euskalduntzen, eta erreforma berriarekin are gutxiago euskaldunduko duela aurreikusten dugu. Eta, gero, ikasleak adin nagusiko direnean eta euskara ikasteko ahalegina egiteko erabakia hartzen dutenean, administrazioaren diru-laguntzak hutsaren hurrengoa direla ikusten dute. Euskaltegiek, ahal duten moduan, irakasleen eta militanteen lanarekin, ordu asko lan eginez, nolabait aurrera ateratzea lortzen dute. Gainera, ezin dugu ahaztu helduen euskalduntze zentroen metodologia eta pedagogia irakaskuntza esparruko maila guztietan onartua izan dela, eta hemen aplikatutako esperientziak beste herrialdeetara zabaldu direla. Beraz, argi dago kalitatezko zentroak direla. Baina, tamalez, diru-laguntza falta dela-eta, euskara ikasi nahi duten helduei oso garesti ateratzen zaie gure hizkuntza ikastea.
Lanbide Heziketan eta goi ikasketetan ere euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da.
Bai. Nafarroan, tamalez, iruzurretik iruzurrera gabiltza. Hello haur eskolak, TIL eredua, A eta G ereduak eta orain gutxi martxan jarri den Euskararen Plan Estrategikoa ere iruzur hutsak dira. Datuek diote NUPeko ikasleen %40tik gora euskalduna dela eta ikasketak euskaraz egiteko prest legokeela, baina ez zaie horretarako aukerarik ematen. Badakigu, gainera, Nafarroan irakasle euskaldunak badaudela, baina gertatzen dena da eliteko irakasle askok, euren profesionaltasuna aitzakia jarrita, ez dutela duten lanpostua utzi nahi, nahiz eta Euskal Herrian lan egiteko gaitasun guztiak ez izan. Horregatik, irakasleria euskalduna kontratatzea galarazten dute. Alemaniara joanen balira, alemana ikasi beharko lukete, bertako hizkuntza delako. Euskal Herrian, berriz, badirudi euskaldun izateak ez duela deus axola.
Beste horrenbeste gertatzen da goi mailako beste ikasketetan edo lanbide heziketan. Adibidez, Iruñeko musika kontserbatorioa ez euskalduntzeko jartzen duten aitzakia zera da, beharrezkoa dena musikari onak izatea dela; baina argi dago musikari euskaldun onak ere badaudela.
Zein mezu bidaliko zenieke nafarrei gaurko manifestaziora hurbil daitezen?
Beno, guk jendartea egoeraren larritasunaz ohartarazi nahi dugu, baina, horrez gain, egoera honi aurre egitea gu guztion esku dagoela jabetu dadin nahi dugu. Hau da, gurasoek euren seme-alabak D ereduan matrikulatzen badituzte, ikasleek zentroetan euskaraz ikastea exijitzen badute eta politikariei herriz herri eta auzoz auzo euskarazko hezkuntza bat eskatzen badiegu, oraindik egoerari buelta emateko garaiz gabiltza. Iruzurrei aurre egiteko lehen pausoa, gaur arratsaldeko manifestazioan parte hartzea da, baina ondoren bakoitzak asmo horri jarraipena eman behar dio egunez egun.
«Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako Perez-Nievasek proposatutako eredu berri horretan, euskara izanen da dudarik gabe hizkuntza kaltetuena»