GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Heziguneetan eredu patriarkala desager dadin lan egingo dutela iragarri dute Ikasle Abertzaleek

GARA |

«Egun euskal ikasleoi inposatzen zaizkigun hezkuntza sistema arrotzek sistema patriarkala sendotu eta iraunarazi» baino ez dutela egiten salatu zuten atzo Ikasle Abertzaleek Eibarren.

Martxoaren 8an, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna izanik, IAk hezkidetza tailerrak antolatu ditu. «Aurten, gainera, heziguneetako errealitatera egokitzen ahalegindu gara», zehaztu dute. Izan ere, Bilgune Feministarekin hartutako konpromiso batzuk direla medio, talde feministaren Hezkidetza Gida landu eta zabaltzeko asmoarekin, eskola kontseiluei eskabideak bidali eta eskoletan hezitzaileek Hezkidetza Gida erabil dezaten eskatuko dutela adierazi zuten.

Datozen bi asteotako egitasmoei dagokienez, Euskal Herriko hainbat eskola eta fakultatetan elkarretaratzeak egingo dituzte, «Hezkuntza sistema patriarkalaren gainetik, ikasleria eraikitzera! Guk Hezkidetza» lelopean.

Bestetik, ohiko dituzten hezkidetza tailerretan hezkuntza esparruan gertatzen diren lau urraketa nagusi nabarmendu eta aztertu dituzte: guneen banaketa, erabiltzen diren eduki eta materialak, hizkuntza eta metodologia. Lau horiek, egun, oinarrian «modu ez hezkidetzailea» dutela salatu zuten IAko kideek.

Azkenik, epe luzerako helburua «hezkuntza sistema hezkidetzailea eraikitzea» dela azaldu zuten. «Gizarte parekide bat eraikitzeko ezinbesteko pausoa baita».

Abortuaren alde, Iruñean

Bestalde, Iruñean, Martxoak 8ko batzordeak datorren iganderako manifestazioa deitu du. Eguerdiko hamabietan abiatuko da Gaztelu Plazatik, «Nire gorputza nirea da, nire bizitza nik erabakitzen dut. Abortatzea ez da delitua», lelopean. Manifestazioaren helburua, emakume langileen eskubideak aldarrikatzeaz gain, abortua despenalizatu dezaten eta abortu askea ahalbidetuko duen lege bat exijitzea izango da.

Atzo Nafarroako hiriburuan egindako prentsa agerraldian, batzordeko bozeramaile Maria Ortegak ohartarazi zuen, egun, Nafarroako emakumeek ezin dutela haien herrialdean abortatu, eta horretarako kanpora joan behar dutela. «Horren atzean UPN, eliza eta Opus Dei daude», salatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo