GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Atzerriko estreinaldien erdia katalanez egitea bultzatuko du lege batek

Kataluniako Generalitateak, hizkuntza normalizatzeko bidean zinemak duen eragina nabarmendu nahian, atzerriko estreinaldien erdia bertako hizkuntzan egitera behartuko duen lege baten oinarriak aurkeztu zituen. Lege honi jarraituz, zinema aretoetan eskainiko diren lanen erdiek azpitituluak edo bikoizketa katalanez izan beharko dituzte. Horrez gain, jatorrizko bertsioak bultzatzeko asmoz, bikoiztutako lanei tasa bat gehitzea aztertzen ari da Gobernua.

GARA | BARTZELONA

Katalanaren egoera normalizatzeko bidean zinema kanpoan geratzen ari dela ohartuta, lege egitasmo bat bultzatu du Kataluniako Generalitateak. Legeak aurrera eginez gero, zinema aretoetan eskainitako film atzerritarren erdiak katalanez eman beharko dira, bikoiztuta edo azpitituluak jarrita. Joan Manuel Tresserras Kultura sailburuak aurkeztu zuen asmo hori, eta, horrez gain, jatorrizko bertsioen emanaldiak bultzatzeko asmoz, bikoiztutako pelikulen gaineko tasa bat jartzeko aukera aztertzen ari direla ere esan zuen.

Legearen aurkezpenean ezagutzera eman zutenaren arabera, egitasmoaren helburu estrategiko nagusia edozein hiritarri zinema bi hizkuntzetan ikusteko eskubidea bermatzea da. Ekimen honen babesean, edozein lan Katalunian estreinatzeko, banatzaileak bi hizkuntzetan prestatu beharko ditu azpitituluak, eta kopien erdia katalanez eta beste erdia gaztelaniaz zabaldu beharko ditu. Neurri hori mailakatuz ezarriko dutela iragarri zuen Tresserrasek, betiere banatzaileen lana errazteko asmoz. Hortaz, eta legeak aurrera eginez gero, lehenengo urtean lanen %30 besterik ez litzateke katalanera pasatu behar, bigarrenean, %40; eta hirugarren urterako, bi hizkuntzen arteko parekotasuna lortzea da Generalitatearen asmoa.

Jatorrizko bertsioak sustatzeko neurriei dagokionez, emanaldi mota honen aldeko funts bat bultzatu nahi duela esan zuen Kultura eta Hedabide sailburuak. Horren harira, bikoiztutako pelikulei tasa bat ezarri liekeela iragarri zuen, jatorrizko lana bultzatu ahal izateko. Historikoki, bikoiztutako lanen arrakasta frankismoaren ondorio bat dela azaldu zuen aurkezpenean, eta Europako beste herrialdeetan azpitituluak jartzeko joera nagusitzen dela argitu zuen.

Legearen salbuespenak

Legearen oinarrien arabera, gaztelaniaz edota katalanez egindako lan guztiak betebehar honetatik salbuetsita daude, lanen jatorria edozein dela ere. Egitasmo hau argudiatzeko asmoz, hainbat datu esanguratsu eskaini zituen Tresserrasek. Hala, 2007an Katalunian estreinatu ziren lan atzerritarren %97 gaztelaniaz banatu zirela esan zuen. Gainera, filmen %89 soilik gaztelaniaz ikusteko aukera izan zen.

Erreakzioak

Zinema katalanaren Akademia lege horren aldeko jarrera agertu zuen. Haien aburuz, filmak bai gaztelaniaz bai katalanez ikusteko aukerak bultzatzen ditu. Hala ere, zinemaren sektore osoa horretan bat etortzeko ahaleginak egin ditzatela eskatu zioten Kataluniako Gobernuari. Akademiaren bozeramaile Santiago Lapeirak gogorarazi zuen aurretik ere zinema-lege bat iragarri zela baina ekimenak ez zuela amaiera onik izan. Jordi Pujol buru zuen gobernuaren garaian, kuotak ezartzen zituen agiri bat onartu zen, baina Ameriketako Estatu Batuetako enpresek horren aurkako jarrera hartu zuten. Hala ere, honako proposamenaren «seriotasuna» nabarmendu zuen Lapeirak.

Banatzaileen erantzuna ez da, ordea, hain positiboa izan. Zinema Banatzaileen Federazioko (FEDICINE siglak, gaztelaniaz) lehendakariak, Luis Hernandez de Carlosek, aurkako jarrera erakutsi zuen eta negoziazioa ezinezkoa dela gehitu zuen. Esan beharra dago federazio honek estatu mailan lan egiten duten banatzaileen %90 hartzen duela bere baitan.

Proposamena ez dela zentzuzkoa nabarmendu zuen Hernandez de Carlosek. Argi adierazi zuen bere jarrera: «Katalanera bikoiztea onartzen badugu, beste herrialdeek tratu bera eskatuko digute eta denbora gutxian pelikulak hiru edo lau hizkuntzatara itzuli beharko ditugu».

Filmaxeko lehendakariak ere legearen aurkako jarrera azaldu zuen. Ezorduko ekimena dela eta krisiaren eragina pairatzen ari den sektorearen barruan ziurtasun falta eragiten duela esan zuen Julio Fernandezek. «Baditugu arazo nahiko» eta, gainera, «ezbaia» sortu duen egitasmoaren ondorio txarrak nabarmendu ditu. «Generalitateak ez digu dokumenturik eman eta ez dakigu zehazki zer egin nahi duen», gehitu zuen.

Legeak, nolanahi ere, beste neurri batzuk jasotzen ditu. Esate baterako, Katalunian sortutako lanak bultzatzeko funts bat eratzea proposatzen du, eta filmak katalanez emango duten zinema aretoen sarea osatzea proposatzen du. Oraindik ez da legebiltzarrean onartu, baina PSC, CIU, ERC, ICV-EUia aldeko jarrera erakutsi dute eta, hortaz, badirudi aurrera ateratzeko aukera asko dituela PP eta C's alderdien kritikak jaso arren.

JATORRIA

Legaren oinarrien arabera, gaztelaniaz edota katalanez ekoiztutako lanak ez dira nahitaez beste hizkuntzara bikoiztu edo azpitituluz eman beharko, zeinahi dela ere lanen jatorria.

GEHIENGOA

Lege egitasmo izan arren, PSC, ERC, CiU, ICV-EUiA alderdiek aldeko jarrera erakutsi zuten, PP eta Ciutadans kontra agertu dira, ordea. Hortaz, Legebiltzarrean gehiengo garbia lortu dezakeen legea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo