GARA > Idatzia > > Mundua

Boterea berreskuratzeko prest da 80 urte bete berri dituen PRI alderdia

Mexikoko Alderdi Iraultzaile Instituzionalak 80 urte bete zituen atzo. 1929tik 2000ra egon zen agintean. Urte horretan, PAN Ekintza Nazionaleko Alderdia iritsi zen Gobernura. Boterea berreskuratzeko asmoz, uztaileko legegintzarako hauteskundeei begira lanean ari da.

GARA |

Alderdi Iraultzaile Instituzionalak (PRI) 80. urteurrena ospatu zuen atzo Queretaron, Mexikoko erdialdean. Lehendakariaren jauregitik, Los Pinosetik hain zuzen, urrun egon arren, boterea berreskuratzeko itxaropena du. 1929. eta 2000. urte artean egon zen Gobernuan etenik gabe. Urte horretan Ekintza Nazionaleko Alderdiko hautagaiak, Vicente Foxek, irabazi zituen hauteskundeak. 2006an alderdi politiko bereko Felipe Calderon izendatu zuten presidente. Bederatzi urte igaro ostean, boterea berreskuratzeko aukera du PRI-k nahiz eta lehendakaritzarako hauteskundeak 2012ra arte ez izan. Datorren uztailaren 5eko legegintzarako hauteskundeetan garaile ateratzeko lanean ari da dagoeneko.

Orain arte egindako inkestek abantaila ematen diote. Egun, Mexikok dituen 32 estatuetatik hemezortzitan agintzen du. Legebiltzarrean, hirugarren indar politikoa da. 106 eserleku ditu. Orotara, 500 legebiltzarkide dira. Senatuan bigarrena da, 32 senatarirekin (128 dira).

Jose Antonio Crespo analistak PRI «gobernadore eta udalerri gehien dituen» talde politikoa dela nabarmendu zuen. Bere ustez, uztaileko bozketen ostean, gehiengoa lortuko du Legebiltzarrean. «Berritzeko gaitasuna duela erakutsi behar du. Hori da duen erronkarik garrantzitsuena», adierazi zuen Crespok, Ikerketa eta Heziketa Ekonomikorako Zentroko (CIDE) kideak.

Haren hitzetan, partiduak ez du asmatu ustelkeriari aurre egiten. Esaterako, Puebla eta Oaxacako gobernadoreen kontrako salaketa larriak izan dira.

Egoera horretan, PRIko presidente Beatriz Paredesek, Gobernuko buru izatea lortze aldera, barne arazoak alde batera uzteko deia egin zuen atzo. Mexikon dagoen indarkeria giroa ez dutela bozak irabazteko erabiliko nabarmendu zuen. PRI-k narkotrafikoarekin lotura txikiena ere ez duela esan zuen.

Ildo horretan, Calderonen Gobernuak krimenari aurre egiteko martxan jarri duen estrategia ez dutela inoiz zalantzan jarri plazaratu zuen. Gobernuak Armadari narkotrafikoaren kontrako borrokatzeko eskumena eman dio.

«Gaiaren inguruan adierazi ditugun iritziak fede onekoak dira. PRI Armadaren aliatu fina da», gaineratu zuen.

Calderonek soldaduak kalera atera baditu ere, indarkeria ez da murriztu. Ciudad Juarezeko espetxe batean, hogei bat lagun hil ziren asteazkenean preso taldeen arteko borrokan. Otsailaren 9an, talde armatu bat Coahuilako kartzelan sartu eta hiru preso hil eta beste bederatzi askatu zituen. Horrelakoak ia egunero gertatzen dira.

calderon

Narkotrafikoarekin dituen arazoen iturburua Ameriketako Estatu Batuetako kontsumitzaileak direla esan zuen Felipe Calderon presidenteak. Droga trafikatzaileen kartelekin hitz egitea errefusatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo