Jazz zaparradek Bilbo bustiko dute martxoan eta apirilean
Bizkaiko hiriburuan «Bilbao Distrito Jazz» egitasmoaren hamargarren edizioa aurkeztu zuten atzo. Ekimen honen bitartez nazioarteko zazpi jazz taldek hirian zehar sakabanatuta dauden udaltegietan joko dute martxoko eta apirileko barikuetan, 20.00etan eta doan.
Anartz BILBAO | BILBO
«Bilbao Distrito Jazz» egitasmoak jazz doinuz zipriztinduko ditu martxoko eta apirileko ostiralak Bilbon. Kultura eta Hezkuntza Sailak La Bilbaina Jazz Clubarekin batera antolatutako egitarauak zazpi zuzeneko prestatu ditu egitasmoaren hamargarren ediziorako. Kontzertuak Barrainkua, Alde Zaharra, Deustu, San Frantzisko eta Begoñako udaltegietan, Ametzolako tren geltokian eta aurten lehenengoz, Bidebarrieta liburutegian (hirureun jesarlekuko aretoan) egingo dira. 20.00etan hasita, doakoak izango dira guztiak (bi ordu lehenago gonbidapenak jaso ahal izango dira udaltegietan).
Gaur zortzi Kevin Brow Ridd bateria-jotzaile kanadarraren laukoak joko du La Bolsa udaltegian, eta «Koptor» lana aurkeztu. Martxoaren 20an Eduard Perez New Yorkeko kontrabaxu jotzaileak hartuko dio txanda Deustun. Martxoa modu berezian bukatzeko, Juan de Diego bilbotar tronpetariak Bidebarrieta liburutegian joko du 27an, Dani Perezen gitarra eta Joe Smithen bateria lagun.
Apirilaren 3an Joel Harrison gitarrak eta Christian Howesen biolinak San Frantziskoko udaltegia hartuko dute, laukotean. Martin Leiton kontrabaxuak «Medium» egitasmoa aurkeztuko du Begoña udaltegian, apirilaren 17an eta Asstrio bartzelonar hirukoteak egitaraua itxiko du Amezolako tren geltokian, apirilaren 24an.
Azken ordukoa
Atzo goizeko aurkezpenean Mikel Bikandi gitarrista bizkaitarrak ere parte hartu zuen arren, arratsalderako gaixotu eta ebakuntza egin behar izan ziotela esanez oharra jaso genuen. Egitarauari hasiera ematekoa zen zuzenekoa, gaur Barrainkuan ospatzekoa zena, bertan behera gelditu da, beraz. Bizkor osa bedi.
Zuzenekoak martxo eta apirileko ostiraletan izango dira, 20.00etan eta doan, Barrainkua, La Bolsa, Deustu, San Frantzisko eta Begoñako udaltegi, Amezolako geltoki eta Bidebarrieta liburutegian.
Egitasmoan joko duten taldeak, Mikel Bikandi, Kevin Brow Ridd, Eduard Perez eta Joel Harrison & Christian Howesen laukoteak, Juan de Diegoren hirukotea, Martin Leiton Band eta Asstrio dira.