Linea 2 Basauriko hirukoteak ez du inondik ere besoak gurutzaturik geratzeko asmorik
A. BILBAO | BILBO
Linea 2 taldeak «Brazos cruzados» hirugarren lan luzea aurkeztu zuen atzo, Baga Biga diskoetxean plazaratua. Orain zortzi urte Basaurin sortu hirukoteak «La ultima gota» debut lana autoekoiztu zuen, «Buscando la inspiracion» maketa plazaratu ostean. Gerora, «Mundo sin corazon» argitaratu zuten 2006an Baga Biga diskoetxean, eta orain ildo bera jarraitu dute hirugarren lanarekin.
Rock urbano ezaguterraza soinuan eta Platero y Tu, Barricada edo Marea bezalako taldeak ikur, Diego Muñiz (gitarra eta ahotsa), Ibai Mingo (gitarra eta koroak) eta Oscar Obregonek (bateria) osatu hirukoteak -zuzenekoetan Javier Rico baxu jotzailea da laugarren taldekidea- iragan neguan grabatu zuen Kike Morak ekoiztutako lana, eta Kutxi Marea eta Francis Dr. Deseo izan dituzte laguntzaile ahotsetan, «Pan de ayer» eta «Ojos tapados» kantuetan.
Hitz baikorrak
Aurreko lanari jarraitzen dio disko berriak izenburuan ere eta «Brazos cruzados» honekin gizarte salaketa bat egin nahi dute, «lehengo arazo berak ditugun arren, ezer gutxi egiten dugulako hauek alda daitezen», taldekideen esanetan. Halere, baikortasuna agertzen du hitzetan Linea 2ek, eta ez du galtzen gauzak hobetzeko esperantza.
Atzoko aurkezpenean adierazi zutenez, «ahotsak erosoago darabiltzate lan honetan, eta hobeto ulertzen dira». Azken diskoarekin «hauxe da gure lanik onena» esan ohi da beti, baina egia da, diotenez, grabatzen bukatu eta inoiz baino aseago gelditu dela taldea.
Hirukotea gaur bertan hasiko da lan berria zuzenean aurkezten, El Desvande taldearekin batera Bilboko Rockstar aretoan emango duen kontzertuan.