GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Emakumezkoen Antzerkiaren I. Astea Bilbon

GARA | BILBO

Igandean ospatuko den martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, Emakumezkoen Antzerkiaren I. Astea antolatu du BBK-k. Zikloa atzo hasi zen, eta Luna Llena taldeak «¿Habéis visto mi grito?» antzezlana aurkeztu zuen. Gaur eta bihar beste bi lan ikusteko aukera izango da Bilboko BBKren Kultur Gelan.

Ziklo honetan parte hartuko duten hiru antzezlanak, emakumez osaturiko antzerki talde amateurren eskutik datoz. Hiru taldeak Besarkada Federazioko kide dira, eta emakumezkoen gizarte baldintzei eta berdintasun eskubideei buruzko antzezlanak eskainiko dituzte. Gaurko muntaia, «Mujeres Virtuosas» izenekoa, Hamaika taldeak eskainiko du, 19.30ean. Zikloari amaiera emateko, «En Petit Comite» lana antzeztuko du Iturribideko Grupo Totum antzerki taldeak bihar, aipatutako ordu berean. Sarrera doakoa izango da, eserlekuak bete arte.

Antzerki amateurreko Besarkada Federazioa 2006. urtean hasi zen lanean. Bertan parte hartzen duten konpainia guztiak emakumez osaturik daude. Adin guztietako emakumeak dira, eta beren aisialdian «gogor lan egiten dute agertokiaren gainean, baita atzean ere». Beraien antzezlanen gaiak ugariak diren arren, emakumezkoen protagonismoa, asebete gabeko barruak, gizarte-bortxakeria eta matxismoa izan ohi dira lantzen dituzten gai nagusiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo