GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Binakako Txapelketa

Aukerak jokoan Labriten, asteburuko lehen egun sakratuan

Berasaluze VIII.a-Begino eta Olaizola II.a-Mendizabal II.a elkarren aurka arituko dira Iruñean. Finalera begira ia aukerarik gabe geratuko da bikote galtzailea.

p039_f03_097x071.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Bi aste dira jada Binakako Txapelketako ligaxkari amaiera eman zitzaiola. Garai hartan lau partida jokatzen ziren ostiraletik astelehenera bitartean. Pilotazaleak atsedenik gabe ibiltzen ziren alde batetik bestera euren kirolari kutunei jarraituz. Orain, ordea, bi norgehiagoka besterik ez dira jokatzen, larunbatean eta igandean, bi egun hauek asteko garrantzitsuenak bihurtuz.

Lehenengo egun sakratuan -gaur-, Berasaluze VIII.a-Begino eta Olaizola II.a-Mendizabal II.a bikoteak lana azken unerako ez uzten ahaleginduko dira Iruñeko Labrit pilotalekuan (Tele5 eta Tele5-ko LTD 2. katean, 18.00etan).

Asegarceko bi bikoteek euren finalerdietako lehen partida galdu zuten. Pablok eta Aritzek ezin izan zuten Bengoetxea VI.aren eta Belokiren aurka ezer egin -22-11 galdu zuten gaurko protagonistek-. Aimarrek eta Oierrek, aldiz, arratsaldean aurkari izango dituzten pilotariak baino tanto gehiago egin zituzten, baina Irujo eta Goñi III.a 17-22 gailendu ziren.

Bi neurketa horiek joko aldetik ez ziren oso ikusgarriak izan, baina kirola maite eta benetan ulertzen duenak jakingo duenez, tentsioa eta finalerako txartela gertu daudenean, estrategiak ikuskizunari irabazten dio. Txapelketako beste fase batean baino huts gehiago egiten dira normalean, baina horrek, azken batean, saltsa gehiago ipintzen die partidei.

Gauzak horrela, Labriten garaile ateratzen den bikoteak aurrerantz pauso nabarmena egingo du. Galtzaileari, berriz, asko konplikatuko zaio finalerako txartela.

Hain jardunaldi motza izanda, asteburu pilotazaleari ahalik eta zukurik gehien ateratzen ahalegindu beharko dute jarraitzaileek. Asteko arazoak alde batera utzi, eta kirol eder honetan %100ean ipini beharko dute arreta.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo