EHZ jaialdia irudi eta antolatzaile berriekin hurbilduko da Heletara
Ainize BUTRON | BIARRITZ
Hamalau urte igaro dira Arrosako zolan jaialdiak bere lehen urratsak egin zituenetik. Eta, denborak arautzen duen gisara, belaunaldi berri batek hartu du antolaketaren lekukoa.
Uztailaren 3, 4 eta 5ean, lehen aldiko Heletan iraganen den festibalari irudi eta nortasun berria eman nahi izan diote aurtengo antolatzaileek. «Festibal berria toki aldaketarekin batera etorri da. Heletako gune guztiak erabiltzen ahal ditugu. Horrek festibala dinamizatuko du», argitu zuen Elixabet Aizager elkarteko lehendakariak.
Horrela, herrian zehar, agertoki nagusiaz gain, beste lau ere kokatutako dira. «Festibalean gune asko daudenez, norberak bere giroa hautatzeko aukera izanen du. Mikro-giro antzekoak izanendira. Lekuak horrelako antolaketa bat egiteko aukera ematen du», goraipatu zuen, bere aldetik, Eneko Gorri komunikazio batzordeko kideak.
Bost agertoki horietatik at, animazioak areagotuko dituzte jaialdia publiko zabal bati ondo moldatzeko. «Belaunaldi guztiei irekia izanen da. Menu batean bezala, hurbilduko diren festibalariek egitarauan aukeraketa bat egiten ahalko dute, eta beren festibala eraikitzen ahalko dute», azaldu zuen. Horrela, aurtengo edizioa «parte-hartzailea, herrikoia eta belaunaldien artekoa» izatea nahi dute elkarteko kideek. Horretarako, kale animazio eta kontzertuetatik kanpo herri bazkaria, azokak, tailerrak eta pilota partidak izanen dira. «Eguneko giroa indartuko dugu», nabarmendu zuten, berriz.
Birdy Nam Nam
Berrikuntzak ez dira soilik jaialdiaren antolaketan azalduko, urtean zehar ere ekintzak egitea erabaki baitute. Duela zenbait hilabete Elektrotasuna I izeneko gaualdia antolatu zuten Hazparnen bi DJrekin. Gaualdiaren arrakasta kontuan harturik, esperientzia errepikatzea erabaki dute, eta, ondoko martxoaren 14an izanen da Hazparneko Mendeala gelan.
Elektrotasuna II izena eman diote gaualdiari. Bertan Birdy Nam Nam Estatu frantseseko elektro musika arloko talderik ospetsuenetarikoa izanen da. EHZ jaialdiaren egitarauaren aurkezpen orokorra, berriz, aurrerago eginen dutela esan zuten.
Lekua:
Hazparneko Mendeala gelan.
Eguna:
martxoaren 14a.
Antolaketa: EHZ jaialdia.
Prezioa: 20 euro
Ekimena:
Elektrotasuna II gaualdia.